SMH taldearentzat 2.900 euro bildu zituzten martxoan, eta larunbatean beste 3.300 euro, Emekiren kanpainarako. Hurrengoa Indiarako egingo dute.
Hondarribiko Klink elkarte gastronomikoak sei mila eurotik gora bildu ditu hilabete batean Greziara iristen ari diren errefuxiatuentzako. Martxoan eta apirilean bazkari solidario bana antolatu dituzte eta 6.200 euro lortu dituzte guztira, 2.900 martxokoan, eta 3.300 joan den larunbatekoan.
Martxoaren 19an Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) sorosle taldearen aldeko bazkaria egin zuen Klink elkarteak. Zarautzen egoitza duen gobernuz kanpoko erakundea da SMH, eta urte hasieratik
Greziako Kios irlan ari dira boluntario lanak egiten, bertara iristen ari diren errefuxiatuei lurrera iristen laguntzen eta behar duten laguntza ematen. Bazkari hartan, 2.900 euro bildu zituzten.
Eta joan den larunbatean, Emekiren arropa bilketa kanpainaren barruko bazkarian, beste 3.300 euro bildu zituen Klinkek. Diru horrekin, arropa erosiko du Emekik eta
hilaren 29an Greziara abiatuko diren bi trailerretan bidaliko dute, martxotik bildutako arroparekin batera.
Larunbateko bazkariko irudi bat. Klink elkartea bete zen azken bazkari solidariorako
Hurrengoa, Indiarako
Errefuxiatuen aldeko bi bazkarien ondoren, dagoeneko hurrengoa hasi da antolatzen Klink. Oraingoan,
Vicente Ferrer fundazioarentzako bilduko dute dirua, Anantapur hirian (Andhra Pradesh estatua, India) etxebizitzak eraikitzeko. Pobrezia larria pairatzen dute Andhra Pradeshen, eta Vicente Ferrer fundazioak biztanleen osasungarritasuna eta segurtasuna handitu nahi du, horretarako etxebizitza multzoak eraikiz: “Etxebizitza hauek uholdeen, muturreko beroaren eta animalien erasoen kontrako babesa lirateke. Kasta gorenetatik aparte bizi dira, etxolez osaturiko kolonietan. Bertatik atera nahi ditugu eta bizitza duina eman”.
Klinkek 4.000 euro lortu nahi ditu, bi etxebizitza eraikitzeko lain. Etxebizitzak, gainera, emakumeen izenean erregistratuko dituzte, baliabiderik gabeko emakumeek gizartearen eremu askotara —hezkuntza, osasuna, enplegua— iristeko dituzten zailtasunak gainditzen lagunduz.
Bazkaria maiatzaren 7an egingo dute, larunbatez, eta sarrerak ohiko lekuetan eros daitezke: Klink elkartean bertan, Batzokian, Alzaga urdaitegian eta Kai-Alde gozotegian. Bazkarira joaterik ez duenak, baina lagundu nahi duenak, Klinkek Kutxabanken duen kontu solidarioan egin dezake nahi duen ekarpena. Honakoa da: Sociedad Klink en kutxabank número ES05 2095.5039.90.1061338918