Palmera Monteron udalak utziko dion lurzoruaren harira, espazio publiko baten erabilera pribatuaren eztabaida piztea lortu duela adierazi du Irungo Podemosek.
Palmera Monteroko Gizarte Zentroan Mondragon Unibertsitateak espazio bat izango du; zehazki, 1.800 metro koadrokoa. Udalak Mondragon Unibertsitateari lurzoru publikoa oparituko diola salatu du Irungo Podemosek, eta neurri horren kontra sinadurak bildu ditu: astebetean 800 sinadura jaso ditu
change.org webgunean.
Gaur goizean entregatu dituzte erregistroan 800 sinadura horiek 75 iruzkinekin batera. Bildutako kopuruarekin pozik agertu da.
Irungo Podemosen arabera, sinadura bilketaren bidez, irundarrei udalak euren dirua nora bideratzen duen jakinaraztea lortu dute, askok ez zutela ezagutzen iritzita: “Espazio publiko baten erabilera pribatuaren eztabaida piztea lortu dugu”.
Argi utzi nahi izan dute ez daudela Mondragon Unibertsitatearen kontra, baizik eta udalak lurzoru hori unibertsitateri uztearen kontra baizik. Zentzu horretan, hasierako proiektuaren alde egin du Irungo Podemosek; bere osotasunean Gizarte Zentroa izatea aurreikusten zen.
Balio erantsia
Podemosen arabera, erabileraren gastuak bere gain hartuko ditu Mondragon Unibertsitateak, baina ez, ordea, alokairua. Funts publikoetatik ordaindutako erabilera pribatu batek ordaindu beharko lukeela iritzi dio. Udalaren esanetan, erabilera publikokoa da unibertsitatea, baina arrazoi hori ez du nahikotzat jo Podemosek, eta “espazioa oparitu aurretik gustatuko litzaiguke jakitea Mondragon Unibertsitateak inguruari balio erantsia eskaintzen dion. Ez da horrela izan”.
Orain udalaren erantzunaren zain dago Podemos. Edonola ere, onartu du zaila izango dela erabakia atzera botatzea. Podemosek babesten duen proposamena udalak hasieran egindako dela esan du: “Hasiera batean, Irunek hiru gizarte zentro izatea proposatu zuten. Azkenean, bakarra izango du, Palmera Monterokoa, baina espazio osoaren ia bi heren espazio pribatu izango da. Bere osotasunean gizarte zentro izan beharko luke, erabilera publikoarekin”.
Podemos Iruneko kideak Gizarte Zentroari buruzko agerraldian