Leire Miguez Emekiko presidentea harrituta dago errefuxiatuentzako arropa bilketaren arrakastarekin. Ia bi trailer bete dituzte.
Dozenaka herritarrek lagundu izan dute herritarrek utzitako arropa sailkatzen
Dena ongi, datorren astean abiatuko da Greziarantz errefuxiatuentzako arropa eramango duen kamioia. Aurretik,
bazkari solidarioa egingo dute gaur Klink elkartean, eta bertan bildutako diruarekin haurrentzako pixoihalak eta emakumeentzako konpresak erosiko dira, horiek baitira gehien behar dira errefuxiatuen kanpalekuetan gehien behar direnak.
Emeki elkartea Grezian lanean ari diren hainbat gobernuz kanpoko erakundeekin harremanetan dago, eta azken albisteen zain da bidaia antolatzeko. Datozen orduetan erabakiko dute noiz irtengo duen trailerrak, eta nora joango den, bidaltzea bakarrik ez, arropa errefuxiatuei banatzen zaiela ziurtatu nahi duelako Emekik. Horretarako, zenbait boluntario azaldu dira Greziara joateko prest —bakoitzak bere bidaia eta gastuak ordainduta egingo du—, eta Hondarribiko Hitzak kamioian egingo du bidea, bidaiaren eta arroparen banaketaren kronika eginez.
Leire Miguez Emeki elkarteko presidentea oso eskertua dago arropa bilketan lagundu dutenekin, eta onartu du ez zutela hainbesteko erantzunik espero: “Ziur ginen herritarrek Emekik egindako deialdiari erantzungo ziotela, baina erantzunak gure aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Batetik, boluntario lanean jardun dutenei dagokionez; bi astez lan txandak egin genituen, eta egunero goiz eta arratsaldez gainezka zegoen lokala. Bestetik, jasotako arropa kopuruagatik, ia bi trailer bete baitira. Eta azkenik, jasotzen ari garen diru ekarpenengatik”.
Miguezen ustez, jendea “hunkituta” dago gaiarekin, eta laguntzeko aukera ikusi duenean pentsatu gabe egin du. “Argi dago jendea hunkituta dagoela Siriako herria pairatzen ari denagatik, eta ahal duen moduan lagundu nahi du. Errefuxiatuen egoera oso larria da, krudela. Gobernuak egiten ari ez direna, hori egin nahi dute herritarrek eta Emeki bezalako talde txikiek. Herritarrek lagundu nahi dute, eta errefuxiatuen egoera ahal den bezala arindu”.
Bidaiaren jarraipena Twitterren egiteko: #Hondarribitik Greziara