Ikasleak izan ditu protagonista IV. Hondarribia Ondareen Foroaren abiatzeak. Tokiko produktuek norberaren nortasunaren berri ematen dutela ikasi dute.
San Jose ikastetxeko bi ikasle, Gran Sol jatetxeko Mikel Muñozekin, ‘Hondarribia’ pintxoa prestatzen
Hondarribiko ondare arkitektonikoa eta gastronomikoa balorean jarri, antzerako ezaugarriak dituzten herriekin indarrak batu, komuneko dohainen gainean sakondu eta desberdintasunetatik ikasi. Helburu horrekin ari dira asteazkenetik
IV. Hondarribia Ondareen Foroa egiten. Igandera arte luzatuko da eta Unescok gastronomiaren hiri sortzaile izendatu dituen Popayan (Kolonbia) eta Florianopolis (Brasil) dira hiri gonbidatuak.
Asteazkenean ireki zituzten jardunaldiak, gastronomiari eskainitako egun oso batekin. Igandera arte, hitzaldiak, bisita gidatuak, afari eta dastaketak, eta abar programatu dituzte herriko hainbat lekutan. Ekitaldi guztiak publikoari irekita daude, foroaren antolatzaile Arma Plaza Fundazioaren ustez, herritarrak direlako ondarearen aurreneko enbaxadoreak. Eta gazteak badira, hobe, beraiek saldu beharko baitute datozen hamarkadetan Hondarribia.
Gazteak protagonista izan zituen pintxo topaketa batek altxatu zuen asteazkenean foroaren pertsiana Itsas Etxean. Showcooking formatuan egin zen, leku berean egiten den Euskal Herriko Pintxo Txapelketaren moduan, baina lehiaketa horrekin ezer gutxi izan zuen antzeko asteazkenekoak, giro informaletik hasita. Hondarribiko hiru sukaldari handi gerturatu ziren Itsas Etxera —Mikel Muñoz (Gran Sol), Iñaki Gezala (Batzokia) eta Gorka Cepeda (Arroka Berri)—, baina laguntzaile gisa bakarrik. Ikasleak izan ziren sukaldean lanean jarri zirenak, eta herriko hiru ikastetxeetako eta Luis Irizar sukaldaritza eskolako ikasleek bete zituzten harmailak.
Ozeanoz gaindiko topaketa izan zen asteazkenekoa. Maria del Mar Orozko eta Mercedes Quiñones Popayan hiriko kolonbiarrak —hurrenez hurren Popayango Pintxo Txapelketako lehen eta bigarren ekitaldietako irabazleak—, Alexsandra Alves Florianopoliseko brasildarra eta Mohamed El Ftouh Euskadiko Ostalaritza Eskolen arteko txapelduna, lau ikasle horiek izan ziren pintxoak prestatzeko ardura izan zutenak. San Jose ikastetxeko bi ikasle ere Gran Soleko
Hondarribia mokadutxoa prestazen saiatu ziren, hori bai, Muñozen laguntzarekin.
Jatetxeko eguneroko presioa alde batera utzita, gustura aritu zen Muñoz ikasleekin, laguntzen, trikimailuak erakusten, eta tokiko produktuak erabiltzearen garrantziaz hezten: “Baratzeko produktuak, haragia eta arraina ditugu, txakolina… eta oso produktu ona da. Baina saldu behar dugu, saltzen jakin, hori inportantea da”.
Itsas Etxetik atera zirenean, Popayan eta Florianopolis hirietako biztanleez sartu aurretik baino gehiago zekitela atera ziren ikasleak. “Gertuko produktuak erabiltzea nor garen eta nondik gatozen erakusteko modua da”, adierazi zuen Iñaki Gezalak. Prestatu zituzten pintxoen bitartez haien nortasunaren berri eman zieten ikasle amerikarrek hondarribiarrei.
Ondare arkitektonikoaz gain, gastronomia balorean jarri nahi du foroak, eta ikasleekin egindako tailer parte hartzailea urrats bat izan zen bide horretan. Gehiago eman behar dira, baina herritarren eskutik egiten bada ez da hain bide luzea izango.
Asteburuko plana
Larunbata
Parrillada brasildarra eta kolonbiarra,
burduntzi erara. San Pedro kalean. 12:00etan. Florianopolis (Brasil) eta Popayan (Kolonbia) hirietako sukaldarien eskutik, haien herrietako jaki goxoak dastatzeko aukera izango da, Karlos Ibarrondoren burduntzi teknika erabiliz.
Igandea
Ostrak brasildar erara, txakolinarekin. Arma Plazan. 12:00etan. Hondarribiko Arma Plaza ostraren gunea bilakatuko da igande eguerdian. Florianopolisek Brasilgo ostren %95a ekoizten du, eta ostraren sukaldaritzan aditu den Sergio Andres Galves chefak Hondarribiko Hiruzta txakolinarekin uztartuko ditu moluskuak.
Bi ekitaldiak publikoari irekiak izango dira.