Seigarren maketa lehiaketak bultzada berezia izango du aurten. Izan ere, orain arte Gazteria Sailak antolatzen zuen lehiaketa zen, baina aurten Kultura Sailak ere parte hartuko du. Lehiaketa horrek “inguruko talde eta bakarlariek lanen produkzioa eta promozioa sustatzea du helburu”, udalak jakinarazi duenez. Horregatik, berezko finantzazioa edota finantzaziorik ez duten taldeei zuzenduta dago.
Talde edo bakarlariek parte har dezakete, eta baldintza bakarra 30 urtetik beherakoa izatea da. Bidali beharreko materiala gutxienez, bi konposizio edota, gehienez, bost dira; originalak.
Horiek maiatzaren 13a baino lehen bidali beharko dira. Horretarako hainbat bide daude: udalaren
webgunean edota Gazteen Informazio Bulegotik lana USB batean entregatuta. Norbaitek maketarik ez baldin badu, enpresa kolaboratzailearekin jar daitezke harremanetan
email bidez edo 658 99 69 03 telefono zenbakian.
Sariak
Hiru sari banatuko dituzte.
- 1. Saria: Mini LPa grabatzea bost abestirekin eta 2017ko Irun Rock jaialdian jotzea.
- 2. Saria: Maketa grabatzea, bost abestirekin.
- 3. Saria: Single bat grabatzea.
Horrez gain, aukeratzen diren taldeek kontzertu zirkuitu batean parte hartzeko aukera izango dute. Dagoeneko kontzertu zikloa osatuta dago.
- Apirilak 28, osteguna: Oskar Benasen kontzertua, Bohemian tabernan, 20:00etan.
- Maiatzak 28, larunbata: Maketa lehiaketako lehen finalerdia, hiru talderekin (30 minutuz, bakoitzak), Rock&meat-en, 18:00etan.
- Ekainak 4, larunbata: Maketa lehiaketako bigarren finalerdia, hiru talderekin (30 minutuz, bakoitzak), Rock&meat-en, 18:00etan.
- Ekainak 17, ostirala: Supernova, Calle Beat, Kontraban eta Elena, eta La Verbena taldeak, Urdanibian, 21:00etan.
- Ekainak 18, larunbata: Maketa lehiaketako hiru finalisten kontzertua, 21:00etan.
- Ekainak 22, ostirala: Ventura eta La Bona Dea taldeen kontzertua, Bidasoa klubaren plazan, El Mari tabernan.
Burun Danga taldea