Hondarribia, Baiona eta Iruñea elkartzen dituen Creacity programa aurkeztu dute ondareen foroan. Nazioartean kokapena lortzeko elkartu dira hiru euskal hiri gotortuak.
Erreginaren baluartea, zaharberritu zuten Hondarribiko harresiko lehen elementua
Arma Plaza Fundazioak antolatuta eta hainbat babesle publiko eta pribaturen laguntzaz, IV. Hondarribia Ondareen Foroa egiten ari dira, herriko ondare arkitektonikoa eta gastronomikoa balorean jarri eta zabaltzeko estrategiak lantzeko helburuarekin. Ondare gastronomikoari dagokionez aurten Popayan (Kolonbia) eta Florianopolis (Brasil) dira hiri gonbidatuak; Unesco erakundeak gastronomiako hiri sortzaile izendatu ditu biak. Hondarribiak helburu hori bera du, mundu mailako izendapen hori lortu, eta bide horretan lanean ari da Hego Amerikako bi hiri horiekin.
Baina laugarren foroak Euskal Herrian ere jarri du begirada, eta berrikuntza izateaz gain, urtarrilean FITUR azokan abiatutako estrategia horrekin asmatu egin du Arma Plaza Fundazioak. Atzo arratsaldean Hondarribia, Baiona eta Iruñea elkartzen dituen Creacity proiektua aurkeztu zuten Karlos V.aren gaztelua izandako paradorean, eta harreman horretan epe luzera jarraitzeko asmoa berretsi dute hiru euskal hiriek. “Hiru hiriok dugun ondare gotortuaren lanketa eta esku-hartzea bideratu eta, harrietatik abiatuta, kultur eta turismo eskaintza elkarlanean eta egitasmo sendo baten bidez sustatu nahi dugu”, adierazi zuen Txomin Sagarzazu alkate eta Arma Plaza Fundazioko presidenteak.
Sagarzazuren esanetan, foroaren lehen hiru edizioetan ikasi dute herritarrak direla ondarea ezagutu eta baloratu behar duten lehenengoak, eta bide horretan arreta jartzen ari da Hondarribia, besteak beste ondarea gizarteratzeko xedea duen Ezagutu zure hiria hitzaldi eta bisita gidatuen programarekin. “Esango nuke egun hondarribiarrek duela bost urte baino hobeto ezagutzen dutela haien ondarea”, deritzo alkateak.
Hori horrela izanik, Hondarribia, Baiona eta Iruñea arteko elkarkidetza epe luzerakoa izatea nahi du Sagarzazuk, eta hiru hirien arteko barne turismoa sustatzeko lan egingo dutela erantsi du: “Isuri horiek sendotzen saiatu behar gara. Ekintza zehatzak aurrera eramateko aukera dago, eta erraz egiteko modukoa da”.
Europako laguntzaren zain
Joan den ostiralean aurkeztu zuten ondareen foroa eta ekitaldian Arturo Ferrer, Iruñeko Udaleko Gardentasunerako zuzendaria eta Henri Lauque, Baionako Udaleko Turismo Bulegoko presidentea eseri ziren Sagarzazuren ondoan. Hiru hiri gotortuen parekotasunak nabarmendu zituzten, eta horiek landu eta turismo kulturaleko erreferente gisa nazioartean kokatzeko beharraz mintzatu ziren hiru hirietako ordezkariak. “Gureak diren gauzekin eskaintza desberdina egin dezakegu, eta gainera, hainbeste maite dugun gure euskal kultura dugu eskaintzeko”, baieztatu zuen Lauque baionarrak.
Maiatzean Europako Batasunaren POCTEFA mugaz gaindiko proiektuetarako diru laguntzak esleituko dira, eta horien bitartez Creacityk beharrezko bultzada jasotzea espero dute hiru hiriek. Iruñeak eta Baionak badute eskarmentua mugaz gaindiko lanketan, eta Hondarribiarekin “modu naturalean” gogoratu zirela esan zuen Ferrerrek.”Hiruon artean egitasmo berritzailea, hunkigarria, sortzailea prestatu dugu, nazioartean kokatzeko balioko diguna”, erantsi zuen iruindarrak.
Mende erdia joan da Baiona eta Iruñea herrikide direnetik, baina Lauquek nabarmendu zuen aurretik jaietara mugatzen zen harreman hori azkartu eta beste arloetara zabaldu egin dela, besteak beste, turismo kulturalera: “Herriak ixteko balio duten harresiak izan dira irekitze hori ekarri dutenak”. Baionako Udaleko Turismo Bulegoko presidenteak gaineratu zuenez, “herritarrak dira turismo sustatzaile onenak” eta, bere esanetan, Baionako herritarrak begiak irekitzen ari dira, eta bere ondarea deskubritzen: “Harresia ireki dugu, eta bizilagunei eta turistei deskubritzeko aukera eman diegu”.
Hondarribian ere ari dira hamarkadetan herritarrari ezkutatu zaion ondare arkitektonikoa erakusten, eta nazioartean herriaren ikuspegi hori ere erakutsi nahi dute, horretarako beste bi euskal hirirekin indarrak batuz. Hori nola egin landuko dute igandera arte IV. Hondarribia Ondareen Foroan. Eta harresiko ateak irekita egingo dira ekitaldi guztiak.