Isabel Erquiaga iruindarrak furgoneta eta erdi bete arropa ekarri zuen martxoan Iruñetik Hondarribira. Urte hasieran Kiosen egon zen, boluntario bezala.
Erquiaga (ezkerrean kaskoa jantzita), Kiosen emakume bati txalupatik jaisten laguntzen
Zarautzen egoitza duen
Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) sorosle taldeko kidea da Erquiaga, eta Nafarroako hiriburuan arropa bilketa antolatu zuen, Hondarribira ekartzeko. Urte hasieran Kiosen egon zen iruindarra —ikusi beheko argazki galeria, kaskoa jantzita ageri dena da Erquiaga—, eta errefuxiatuen ihesaldia ahalik eta gozoena izatea nahiko luke. Horregatik ekarri zuen arropa Iruñetik Hondarribira: “Ezinbestekoa delako lagundu dut, nire esku dagoena egingo dut, eta Hondarribian egin dutena modu erraza da laguntzeko, edozeinek egin dezakeena, guk soberak duguna onura handia delako jende askorentzat. Iheslarien etorrera eta egonaldia ahalik eta gozoena izatea nahiko nuke, horregatik ekarri genuen arropa Hondarribira”.
Hondarribian arropa biltzen ari zirela jakin zuenean, mugitzen hasi zen Iruñean. “SMH elkartearen bitartez enteratu nintzen. [Intxaurrondoko] Zaporeak taldearekin ari gara Kiosen lanean eta Zaporeaken laguntzarekin hasi zen Emeki kanpaina antolatzen. Horrela enteratu nintzen Hondarribikoaz”. San Juan de Dios ospitalean areto bat utzi zioten, eta inguruko jendeak biltzen zuen arropa bertan sailkatu zuten. Egun gutxitan, furgoneta eta erdi bete zuten arropaz eta Hondarribira abiatu ziren Erquiaga eta lagun batzuk. “Emekiren ekimena oso ona iruditzen zait. Batetik, errefuxiatuek behar dutelako, eta bestetik, gure gizarteak gertatzen ari denaren berri izan behar duelako. Kanpaina hauen bitartez jendeak euren harri-koskorra ekartzea lortzen da, eta harri-koskor askorekin mendia egin daiteke”.
Maiatzean Kiosera itzuli nahi du Isabel Erquiagak, SMHko kideek egiten ari diren boluntario lanean laguntzeko. Urte hasieran irudi gogorrak ikusi zituen han, eta ez dago gustura Iruñean, Greziara bidean iheslariak hiltzen ari direla jakinda eta lehorrera iristen direnek behar besteko laguntza ez dutela ezagututa. “Bidegabekeria da errefuxiatuek bizi dutena, lotsagarria da. Gerra batetik ihesi beste kontinente batera joan behar duen jendeak babesa beharko luke jaso. Ezin dut ulertu XXI. mendean hau gertatzea, gure agintariek babesa ematea ez den beste soluzio bat planteatzea. Denon ardura da mundua bihozberagoa eta bizigarriagoa izatea”.
Apirila hasieran hasi zen Greziako gobernua iheslariak Turkiara bidaltzen, Europako Batasunak eta Turkiak sinatutako akordioa betearazten. Gai horrek haserre jartzen du Erquiaga, errugabeak erruduntzat hartzen direlako: “Nik ez dut mugetan sinisten, jendeak ez du bere etxea uzten besterik gabe, hala nahi duelako. Eta nire ustez, norbait atxilotu eta epaitu egin behar bada, askatasun horren kontra ari direnak dira, errefuxiatuen eskubideen kontra ari diren horiek, eta noski, horien kontra erasoka ari direnak”.