Brasil, Kolonbia eta Euskal Herriko sukaldariek pintxoak prestatuko dituzte, bakoitzak bere herriko erara.

Ondare arkitektonikoa eta gastronomikoa aintzat hartzen ditu foroak
Showcooking formatuan egingo den gastronomia tailer batek emango dio hasiera bihar, asteazkenez, IV. Hondarribia Ondareen Foroari. 10:30etik 12:30era egingo dute Itsas Etxea Auditoriumean. Joan den
ostiralean aurkeztu zituzten jardunaldiak. Aurten Florianopolis (Brasil) eta Popayan (Kolonbia) izango dira hiri gonbidatuak, baina Hondarribia, Iruñea eta Baiona arteko harremanean sakonduko du foroak, eta hiru hiri gotortuak izango dira jardunaldietako protagonistak.
Pintxoaren Mugaz Gaindiko I. Topaketa izango da bihar goizeko tailerraren goiburua, eta mugaz gaindikoa izateaz gain, ozeanoz gaindikoa ere izango da, Brasil eta Kolonbiako hainbat sukaldarik parte hartuko baitute, Mikel Muñoz eta Iñaki Gezala hondarribiarrekin batera. Leioako Ostalaritza Eskolako ikasleak ere presente izango dira Itsas Etxean, haien artean Mohamed El Ftouh Euskadiko Ostalaritza Eskolen arteko Eusko Label Txapelketako irabazlea, tailerrean parte hartuko duelarik. “Bakoitzak bere herrialdean pintxoak nola egiten dituzten azalduko dute, bertako produktuekin, eta gainera, publikoan dauden ikasleek ere parte hartuko dute lanketa honetan”, adierazi du Arma Plaza Fundazioak.
Arratsaldez segida izango du ondareen foroak, tokiko produktuek ostalari eta jatetxeei ekartzen dizkieten onuren inguruan jardungo duen mahai-inguru batekin. Alazne Uribarri HAZI Fundazioko proiektu estrategikoetako zuzendariak, Joan Lombardo sukaldari brasildarrak, Gorka Cepeda Arroka Berri jatetxeko chefak, Ander Elortegi Donostiako Villasoro hoteleko zuzendariak eta Iñigo Busto
Luraki App-aren sortzaileak hartuko dute parte.
IV. Hondarribia Ondareen Foroa. Egitaraua