Hamar kilometroko proba nagusiaz gain, familien lasterketa egingo da bigarrenez Hondarribian, eta bost kilometrokoa aurrenekoz.

Iñaki Astudillo Abay Etiopiako kidea, erdian, aurtengo ekitaldiko elastikoarekin
IRT (In real time) Etiopia lasterketa solidarioaren hirugarren ekitaldia egingo dute igandean, hilak 17. Abay Etiopia gobernuz kanpoko erakundeak antolatzen du, eta hainbat lekutan batera egiten da. Hondarribian, lehen ekitalditik egiten da eta aurten lehen aldiz hiru lasterketa egingo dituzte, hamar, bost eta 2,5 kilometrokoak. Hirurak kirol kaian hasiko dira, eta bertan amaitu.
Lasterketa nagusia 10:00etan hasiko da eta hirugarrenez egingo da Hondarribian. Aldi berean, Walmaran (Etiopia), Laudion (Araba) eta Espainiako estatuko beste hiru lekuetan egingo da. Aurreko edizioetan bezala, herri bakoitzean irabazle bat izango da, eta denak batuta, IRT Etiopia lasterketako irabazle nagusia (ikusi
iazko irabazleak).

Korrikalariak Walmaran, beroketak egiten
IRT Etiopia lasterketa solidarioko proba nagusiko parte hartzaileek hamar kilometro egin beharko dituzte, eta horretarako bi itzuli eman beharko dizkiote antolatzaileek prestatu duten ibilbideari: Kirol kaitik aterako dira, hondartzako aparkalekura eta Itsaskari Baitara itzuli, bidegorriaren norabidea hartu eta Butron pasealekura, eta atzera kirol kaira.
Aurtengo berrikuntza bost kilometroko lasterketa izango da. 09:45ean da hastekoa eta proba nagusiaren ibilbide bera jarraituko du, baina buelta bakarra. Familientzako eta ibilbide luzeagoa egin nahi ez dutenentzako lasterketa, 2,5 kilometrokoa, 11:15ean abiatuko da. Bigarrenez egingo da familien proba eta 1.500 parte hartzaile espero dituzte. Beste bi probetarako 500na dortsal prestatu ditu antolakuntzak.
Izen ematea, Kirolprobak-en
IRT Etiopia lasterketa solidarioaren hirugarren ekitaldian izena eman nahi dutenek,
kirolprobak plataformaren bitartez egin behar dute. Proba nagusirako eta bost kilometroko probarako 18 euro ordaindu behar dira, eta familien lasterketarako 7 euro (12 elastikoarekin).
Aurten bilduko den dirua,
Abay Etiopia erakundeak Walmaran abian dituen Eba eta Bioleta proiektuak finantzatzeko erabiliko da. Eba, alfabetatze programa bat da, helduak, ume artzainak eta bere garaian eskolara joan ezin izan ziren pertsonei zuzenduta dagoena; eta Bioleta, neskei zuzendutako laguntza, eskola utzi behar ez dezaten.
Lehen ekitaldiko irabaziekin, atletismo eskola bat antolatu zuen Abay Etiopiak Gaba Kemisan, Walmara eskualdean.