EAJk iragarri duenez, dagoeneko EuskoTrenek jakinarazi du Irun eta Donostia arteko maiztasuna 15 minuturokora zabalduko duela, astelehenetik larunbatera.
Gaur 09:30ean biltzekoak ziren Irungo udaletxean Eusko Jaurlaritza, EuskoTren, Irungo alkatea, udal taldeak eta Oiasso 2000. Bilera horretan trenen maiztasuna jarriko dute mahai gainean, EAJren udal taldeak jakinarazi duenez.
Talde jeltzaleak iragarri duenez, dagoeneko EuskoTrenek jakinarazi du Irun eta Donostia arteko maiztasuna 15 minuturokora zabalduko duela, astelehenetik larunbatera. Ordutegi berria 2016ko negutik aurrera indarrean jarriko dela eta zerbitzuaren hasiera ere aurreratuko dela gaineratu du EAJk.
Hain zuzen, azken udalbatzarrean Oiasso 2000 federazioaren ekimenez, gai hori mahai gainean jarri zen, eta Kateatik Oiartzunerako trenbideen banantzea aurrera eramateko bilera bat eskatu zuten Eusko Jaurlaritzarekin. Horrekin batera, Irun eta Donostia arteko zerbitzuaren maiztasuna areagotzeko konpromisoa eta diru kopuruaren azterketa egiteko galdegin zuten.
EAJ pozik agertu da erabakiarekin, “irundar guztion onurarako izango diren zerbitzuak lortu ahal izango baitira”.

Kateako Euskotren geltokia (Bentak).