Hondarribiko euskara elkarteak irteera antolatu du iganderako.

Aiako Harria
Jaizkibel itsaslabarra hiru etapatan burutu eta gero, hurrengo irteera hilaren 17rako antolatu du Hondarribiko Blagan euskaltzaleen elkarteak. Eskualdea ezagutzen jarraituko dute baina oraingoan itsasotik aldenduko dira eta Aiako Harria aukeratu dute horretarako.
Aiako Harriko tontorren bira egingo dute, tontorrak zapaldu gabe. Horretarako 09:00etan abiatuko dira Ingelesaren gaztelua pasata dagoen Elurretxeko aparkalekutik. “Elurretxetik Aritxulegira joango gara eta gero kanaletik itzuli osoa eman eta berriro Elurretxera iritsi”, azaldu dute.
Lau ordu eskaseko irteera izango da, zailtasun ertainekoa, 10,9 kilometrokoa eta 550 metroko desnibelekoa.