Hilabete batzuk pasatu dira JP Lohian & Klonen Klana kaleratu zenuenetik. Zenbat aldiz entzun duzu harrezkero?
Normalean parte hartu dudan disko guztiez kokoteraino bukatu dut eta denbora dezente pasatu behar izan da disko horiek berriro entzuteko. Baina kasu honetan, aldiz, ez zait hori gertatu eta askotan entzun dut. Gustura geratu naizenaren seinale.
(Argazkia: Galder Izagirre)
Urte batzuk eman dituzu musikatik aldenduta, kanpora begira behintzat, ezer argitaratu gabe. Itzuli zaren moduarekin konforme zaude?
Bai, erronka handia izan da niretzat proiektua burutzea, eta bi urte luze inguru kostatu zait diskoa amaitzea. Nahiz eta publikoki musikatik nahiko aldentuta egon naizen, beti aurkitu izan dut momentu bat etxean jotzen, konposatzen, ideiak grabatzen aritzeko. Lehen esan dizudan bezala, oso gustura ibili naiz, baita pozik geratu ere.
Goitik behera egin zenuen zuk diskoa, musika eta letra idatzi, instrumentu guztiak jo, marraztu, bideoklipa grabatu… Nola bururatu zitzaizun hau guztia egitea, proiektua goitik behera zuk lantzea?
Ez zitzaidan bururatu, egin dezakedan guztia batu eta proiektu pertsonal honetan islatu egin nuen. Txikitan asmatzailea izan nahi nuen, tamalez ez dut nire ametsa bete eta ez dut ezer asmatu, baina behintzat sortzailea banaiz, nire tamainan. Hala ere, ez dut dena nik egin, kolaboratzaileak izan dira; Martxel Mariskal Kantu itsaskorra kantuaren hitzen egilea da, Libek [Neubat, Sorkun, Libe] eta Fer Apoak [Corazon de Sapo, Kuraia] koruak egin dituzte zenbait kantuetan, eta Bonberenea Txarangan aritzen diren Mikel Zelaia eta Ander Altunak tronboia eta tronpeta jo zuten Profanazioa kantuan. Horrez gain, Karlos Osinagaren laguntza ezinbestekoa izan da diskoaren grabaketan.
Abeslari ere zara proiektu berrian. Osotasuna nahi zenuen, rock talde oso bat…
Bai. Ez nuen nire burua bakarlari moduan ikusten, gitarra akustikoa jotzen edo. Oso argi nuen rock talde antzera izan behar zela egindakoa, eta instrumentu guztiak jotzen defendatzen naizenez, ez nuen beste biderik planteatu ere egin. Horrela izan zen.
Denbora asko eman dizu diskoa prestatzeak. Zer izan da gehiago, ikasitakoa prozesatzea, edo ikasketa prozesu bat.
Bietatik izan da zerbait, baina diskoarekin hasi nintzenean ikasitakoa abiapuntua besterik ez zen izan. Asko ikasi dut esperientzia honetan, maila guztietan gainera.
Diskoak kritika oso onak izan ditu. Hainbeste denbora prestatzen eman eta gero, ondo hartzen dira horrelakoak, ez?
Noski, nire buruarekin kontentu geratu ondoren, kritika onak beti ongi etorriak dira. Ez dakit, beharbada nik dena egin izanagatik zer edo zer handietsi dute diskoa…
Eta hurrengoa ere horrelakoa izango da, goitik behera zuk eginda?
Bada ez dakit hurrengorik egongo den, eta nolakoa izango den. Oraindik ez dut planteatu ere egin horrelakorik.
Martxoan zehar zuzenean aurkeztu zenuen JP Lohian & Klonen Klana proiektua. Lau kontzertu eman dituzue. Proiektu hain pertsonala izanik, nola izan da beste musikariekin konpartitzea zuzenekoak prestatzeko?
Ez da batere erraza izan, diskoa ez zelako inoiz pertsona ezberdinen artean jo, eta diskoaren erreferentzia izanda, asko kostatu zaigu diskoaren kontzeptura iristea. Baina gustura ibili gara lanean, eta kontzertuetan ere. Zuzenean diskoaren izpiritua islatu nahi genuen.
Lau kontzertu eman dituzue. Zer moduz joan dira?
Nahiko urduri ibili gara, baina kontzertutik kontzertura konfiantza irabazten eta disfrutatzen joan gara. Makina martxan jartzea kostatu zaigu eta motorra estutua zegonean gelditu behar izan dugu. Bestalde, harrera aldetik oso kontent, jende andana hurbildu baita kontzertuetara, eta oihartzun handia egon da bai hedabide eta sare sozialetan ere.
Hurrengoak, noizko?
Hurrengoak auskalo, guztion agendetan hutsune bat libre egotean. Oraingoz, etorkizunari begira dauden galdera horientzat erantzunik ez daukat.
Zuzenean Galder Izagirre [Berri Txarrak] eseri da baterian. DUTen eta Kuraian taldekide izan zenuen Izagirre. Nola izan da berriro berarekin jotzea?
Galderrekin jotzea, ondo babestua egotearen sinonimoa da. Galderrekin, munduko amaierara joango nintzateke.
Xabi Strubellekin ere kointziditu duzu Gazteszenan; Zurarekin jo zuen berak. DUTeko hirurak berriro errepidean eta hirurak gauza interesgarriak egiten. Behar dira rockero zaharrak egungo musikari buelta bat emateko, ez?
Bai ala ez, irakurketa egiten duenaren arabera. Begira, kontzertuetan gure adineko entzuleak ziren nagusi, gazte gutxi. Beharbada konexio handiagoa izan du diskoak umeekin, nerabe eta gazteekin baino.
Internetekin, inoiz baino aukera gehiago dago denerako: musika bilatzeko, entzuteko, ezagutzeko… Baina, Euskal Herrian behintzat, zaila da zerbait desberdina egiten duen gazte talderik aurkitzea. Ez dago garai bateko bizitasunik.
Hori da daukadan pertzeptzioa… Orokorrean belanauldi berriak galdu ditugunaren pertzeptzioa daukat… Azken boladan askotan topatu ditut nerabeak, eta gazte kuadrillak, kalean edo trenean mugikorrean musika latindar komertziala edo reggaetoia entzuten… Bonba atomikoaren botoia sakatzeko gogoak sartzen zaizkit baina, adibidez, heavy klasiko itxura duen 18 urteko gazte bat ikusten badut, ‘oraindik ez dago dena galdua’ esaten diot ene buruari.
Eta. Zer duzue zuek, rockzale zaharrek, eskaintzeko panorama honetan?
Seguru asko, rockzale zaharrentzako rocka. Besterik ez.
Eta zure buruari, zer eskatzen diozu hurrengo urteetarako. Zer espero dezakegu Joseba Ponce eta bere klonetaz?
Osasuna besterik ez dut eskatzen, niretzat eta ingurukoentzat. Hortik aurrera etorriko dira beste gauza guztiak.
JP Lohian & Klonen klana diskoa entzuteko eta erosteko, bisitatu bandcamp orrialdea.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.