Musika kritiko guztiak ados jarri ditu Joseba Ponceren ‘JP Lohian & Klonen klana’ lehen diskoak .Instrumentu guztiak jo ditu berak, eta oso urruti dauden estiloak maisuki uztartu

Bera musikari bakarra izanagatik beharbada kritikek
JP Lohian & Klonen klana diskoa handietsi dutela deritzo Joseba Poncek. Baina, agian, dena berak egin duelako diskoa gutxiesten ari da bera. Lan bikaina da, lehen notatik oilo-ipurdia eragiten duena. Egia da euskal musikan aurreneko one man project diskoa dela, baina hori kontuan izan gabe ere, musika proiektu bat baino, unibertso bat sortu du Poncek, eta zulo beltz batek bezala entzulea harrapatzea lortzen du.
Mondosonoro-ren ustez, urteko diskoetako bat da: “Punka eta hardcore estiloak uztartzeko era pertsonalagatik, egile diskoa da”, idatzi du Arkaitz Villar aldizkari ezaguneko kolaboratzaileak. Poncek erakutsi du iturri askotik edan duen musikaria dela, zurrupatu duen guztitik estilo pertsonal bat sortu du, eta sailkaezina den disko bat kaleratu. Julen Azpitarte influentzia horiez mintzatu zen
Berria-n eta
Badok.eus-en: “1990eko hamarkadako post-hardcorea edo XXI. mendeko stonerra zapalduko ez duen lan bat, aipatutako bi estilo horien zantzuak, tarteka, disko osoan antzeman daitezkeen arren. Baina Ponceren kosmos musikala bi genero horietara mugatzea bere talentua gutxiestea litzateke”.
Diskoak badu DUTetik zerbait, eta Kuraia gogora ekartzen duten doinuak, baina hainbat estiloren artean maisuki balantzaka dabil, elkarretik hain urruti dauden power-popera edo metalera hurbiltzeraino. Nabaria da 1970eko hamarkadako musikarekiko zaletasuna, eta stoner, doom, edo rock psikodeliko doinuak presente dira diskoan, baina progresiboa ere bada, eta une askotan oso urruti joan da, post-rockean erabat murgilduz.
Beats & Noisecapes Australiako musika blogariaren arabera, “psikodelia ukituak dituen punk rock iluneko adibide bikaina da. Disko iluna da, baina era berean oso melodikoa”. Eta hori dena oreka galdu gabe egiten du, entzulea oharkabean estilo batetik bestera eramanez. Mitikoa izateko behar duen guztia dauka
JP Lohian eta Klonen klana-k, edozein pop, rock edo metal zaleen apalategian ezinbestean egon beharko lukeena, biniloan bada, hobe.
Agian hemendik urte batzuetara ikusiko dugu Euskal Herrian musika tresna guztiak joaz diskoa grabatzera animatzen den beste musikaririk. Orduan, ‘hori Joseba Poncek egin zuen aurrena’, esango du norbaitek, ‘eta diseinua eta bideoklipa ere egin zituen berak, gainera’.
Entzun eta erosi diskoa
JP Lohian-en bandcamp orrian.