Larunbatean itxiko dute Uda Jolas programan izena emateko aukera
Gazteria departamentuak antolatzen du eta uztailean egingo da. Euskara hutsezko programa da.
Bihar, larunbatez, bukatuko da uztailean egingo den Uda Jolas aisialdi programan izena emateko epea. 2005 eta 2011 urte bitartean jaiotako hondarribiarrei zuzenduriko programa da, euskara hutsean egiten dena. “Partehartzaileek bere taldekide zein monitoreekin euskaraz jarduteko gai izan behar dute”, azaldu du Udal Gazteria departamentuak.
Ordaindu beharreko kuota 80 eurokoa da, eta 70ekoa bigarren seme-alabatik aurrera. “Anai-arreba bat baino gehiago izanez gero izen-ematea bakarka edo taldean egin liteke”, erantsi dute.
Ohi bezala, uztailean egingo da Uda Jolas, 4tik 29ra, goizez. Egoitza Bordari Talaia lehen hezkuntzako zentroan izango du eta bertan egingo dira ekintza gehienak, irteerak salbu. Orotara 200 neska eta mutil izango dira Gazteriak antolatzen duen programan aurten.
Larunbatean, hilak 9, itxiko da izena emateko aukera. Bi modutara egin daiteke, Gazte Informazio Bulegoan —astelehenetik ostiralera 16:30etik 19:30era eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara—, edo Internetez. Uda Jolas 2016ko eskuorria