IV. Hondarribia Ondareen Foroa egingo dute hilaren 13tik 17ra baina Baionan eta Iruñean jarraituko du. Creacity proiektua aurkeztuko dute hiru hiriek.
Ferrer, Sagarzazu eta Lauque, goizeko aurkezpenean
Arma Plaza Fundazioak eta Hondarribiko Udalak antolatuta, IV. Hondarribia Ondareen Foroa egingo dute heldu den astean, asteazkenetik igandera bitarte. Aurten Florianopolis (Brasil) eta Popayan (Kolonbia) izango dira hiri gonbidatuak, baina hain urrutira joan gabe, Hondarribia, Iruñea eta Baiona arteko harremanean sakonduko du, eta hiru hiri gotortuak izango dira jardunaldietako protagonistak. Hala, hiru hiriek FITURren aurreratutako Creacity egitasmoa aurkeztuko dute hilaren 14an, eta Nafarroako eta Lapurdiko hiriburuak bisitatuko dituzte 15ean. Gainera, foroak jarraipena izango du hurrengo astean, hilaren 19an eta 20an Baionan, eta 21etik 23ra Iruñean.
Ikusi egitaraua
Gaur aurkeztu dute udaletxean IV. Hondarribia Ondareen Foroa. Bertan izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea, Arturo Ferrer, Iruñeko Udaleko Gardentasunerako zuzendaria eta Henri Lauque, Baionako Udaleko Turismo Bulegoko presidentea. Ondare arkitektonikoa eta gastronomikoa, biak aintzat hartzen ditu foroak, eta aurten, Creacity egitasmoaren bitartez, Baionarekin eta Iruñearekin eskutik helduta ariko da Hondarribia. “Hiru hiriok dugun ondare gotortuaren lanketa eta esku-hartzea bideratu eta, harrietatik abiatuta, kultur eta turismo eskaintza elkarlanean eta egitasmo sendo baten bidez sustatu nahi dugu”, azaldu du alkateak.
Lauque baionarrak baieztatu du “azken urteetan nagusitu egin dela ondarea duten hiriak bisitatzeko motibazioa”, eta foroan protagonista diren hiru hiriek hori komunean lantzeko beharra agertu da: “Gureak diren gauzekin eskaintza desberdina egin dezakegu, eta gainera, hainbeste maite dugun gure euskal kultura dugu eskaintzeko”.
Hilaren 19tik 23ra jarraipena izango du foroak, Baionan lehenik, eta Iruñean ondoren. Besteak beste, gastronomiari lotutako ekitaldiak egingo dituzte hiru euskal hirietako eta Popayan eta Florianopoliseko sukaldarien parte hartzearekin, eta Baiona nahiz Iruñeko ondare arkitektonikoa eta gastronomikoa ezagutzeko modua izango da.
Maiatzean Europako Batasunaren POCTEFA mugaz gaindiko proiektuetarako diru laguntzak esleituko dira, eta horien bitartez Creacityk beharrezko bultzada jasotzea espero dute hiru hiriek. Iruñeak eta Baionak badute eskarmentua mugaz gaindiko lanketan, eta “Hondarribiarekin modu naturalean gogoratu” zirela esan du Ferrer iruindarrak. “Hiruon artean egitasmo berritzailea, hunkigarria, sortzailea prestatu dugu, nazioartean kokatzeko balioko diguna”, erantsi du
Barrurako begirada
Laugarren ekitaldian, inoiz baino gertuago geratu da ondareen foroa. Izan ere, hiri gonbidatuak Florianopolis eta Popayan badira ere, hiru euskal hiri gotortuek abiatutako bidea da jardunaldien muina, eta alkateak aurkezpenean onartu duenez, “aukera zirraragarria” da.
Mende erdia joan da Baiona eta Iruñea herrikide direnetik, baina Lauquek nabarmendu duenez, aurretik jaietara mugatzen zen harreman hori azkartu eta beste arloetara zabaldu egin da, besteak beste, turismo kulturalera: “Herriak ixteko balio duten harresiak izan dira irekitze hori ekarri dutenak”. Baionako Udaleko Turismo Bulegoko presidenteak gaineratu duenez, “herritarrak dira turismo sustatzaile onenak eta, bere esanetan, Baionako herritarrak begiak irekitzen ari dira, eta bere ondarea deskubritzen: “Harresia ireki dugu, eta bizilagunei eta turistei deskubritzeko aukera eman diegu”.
Sagarzazuk adierazi duenez, foroaren lehen edizioetan hori ikasi egin dute, herritarrak direla ondarea ezagutu eta baloratu behar duten lehenengoak, “eta esango nuke egun hondarribiarrek duela bost urte baino hobeto ezagutzen dutela haien ondarea”. Horregatik, Hondarribia, Baiona eta Iruñea arteko elkarkidetza epe luzerakoa izatea nahi du Sagarzazuk, “ez dugu biderik itxiko”, eta hiru hirien arteko barne turismoa sustatzeko lan egingo dutela erantsi du: “Isuri horiek sendotzen saiatu behar gara. Ekintza zehatzak aurrera eramateko aukera dago, eta erraz egiteko modukoa da”.