Plenoak Abotsanitzen bi mozio onartu ditu, AENAri eta aldundiari "herritarrentzako kaltegarriak" diren zaraten aurrean neurriak hartzeko eskatuz.
Abotsanitz alderdiak kartel informatiboak jarri ditu Amute eta Mendelu auzoetan. Martxoaren 17ko osoko bilkuran auzo horietan pantaila akustikoak jartzeko eskaera egin zuen oposizioko lehen taldeak bi mozioren bidez: “Aireportuak, N-638 eta GI-636 errepideek eragiten dituzten soinuak herritarrentzat kaltegarriak” direlakoan, AENAri eta aldundiari zarata murrizteko pantailak jartzeko eskatzen zuten testuek. Udalbatzak aho-batez onartu zituen bi mozioak.
Erabaki horren berri ematen duten kartelak jarri dituzte bi auzoetan: “Bide batez, gai honen jarraipena egingo dugula adierazten dugu, arazo honek bi auzo hauetako bizilagunei eragiten dien eragozpenak konponbidea merezi duelako”, azaldu du Abotsanitzek.
Zimizargan, pankartak
Amuten eta Mendelun jarritako kartelez gain, lurzoru klausulen kontrako pankartak jarri ditu Abotsanitzek Zimizarga auzoan, Muliate inguruan, babes ofizialeko azken promozioa egin zen lekuan. “Lurzoru klausula salatzeko eta bizilagunak ohartarazteko asmoz” jarri dituztela jakinarazi dute.
Zimizargan Abotsanitzen jarritako pankartetako bat