Zelaiaren egoeragatik epaileak partida suspenditu zuen, hondarribiarrak markagailuan 1-0 zihoazelarik.
Hondarribia FE-ko lehen taldeak ezin izan zuen larunbatean Zarautzen jokatu beharreko partida bukatu. Zelaiaren egoera zela eta 20 minutu baino ez zituzten jokatu, eta epaileak norgehiagoka bertan behera uztea erabaki zuen. Hori bai, denbora tarte horretan hondarribiarrak markagailua mugitzeko gai izan ziren. Oraindik ez dute erabaki noiz jokatuko den berriro, baina egiten dutenean, 70 minutu jokatuko dituzte eta 0-1eko emaitzarekin hasiko da partida.
Hondarribia taldearen garaipena gauzatuko balitz, sailkapeneko goiko aldean kokatuko lirateke berdeak, 38 punturekin (
ikusi sailkapena). Jauzi handia emango luke taldeak: Ostadar, Touring —liderrarekin galtzen badu— eta Hernani aurreratuko lituzke, seigarren jartzeko, hirugarrenetik hiru puntura. Iaz, jardunaldi berean, atzetik hirugarrena zen Hondarribia, 23 puntu pilatuta.
Hondarribia eta Zarautz arteko iazko partida
Hondarribiarren partida bukatu ez bazen, Ohorezko Mailako 24. jardunaldiko beste bi lehia hasi aurretik suspenditu zituzten, arrazoi beragatik. Hain zuzen ere, sailkapeneko bi lehenen partidak dira atzeratu zituztenak. Tolosa liderrak Touringen aurka jokatu behar zuen etxean, eta bigarren Anaitasunak Orion, Getariako Ketaren kontra. Jokatu ez arren, sailkapeneko lehen bi postuetan jarraitzen duten Tolosak eta Anaitasunak, 48 puntutara berdinduta; hirugarrena Mutriku da, 43rekin, baina partida bat gehiagorekin.