Ikasbasket taldeak zazpigarren garaipena lortu du eta lider Añorgarekin berdinduta dago, baina atzetik hiru talde dituzte ate joka.
Ikasbasket taldeari kostatu zitzaion zarauztarren defentsa gainditzea
Ikasbasketek garaipena lortu zuen larunbatean Hondartza kiroldegian Murkil Zast taldearen kontra (59-34). Markagailuak partida erraza izan zela ulertu arazi dezakeen arren, lehia gogorra bizitu zen Hondartza kiroldegian, eta une batzuetan zarauztarrek estu hartu zituzten etxekoak.
Lehen zatia oso ona egin zuten hondarribiarrek, eta erraz saskiratu zuten hiru puntuen marra baino haragotik. Lehen hamar minutuen bukaeran Ikasbasketek zarauztarren markagailua bikoitzen zuten (22-11). Baina bigarren laurdenean Zastek defentsa gogortu zuen, etxekoei erraz jaurtitzea galaraziz eta errebotea ondo itxiz. Hala, bigarren laurdenean zortzi minutu behar izan zituzten berdeek lehen puntuak sartzeko. Hartara, kanpokoak asko gerturatu ziren markagailuan, etxekoak urduri jartzeraino.
Atsedenaldi luzearen ondoren nagusitu ziren etxekoak, hirugarren laurdenean. Zastek ezin izan zion ordura arteko defentsako erritmoari eutsi eta hondarribiarrak berriro hasi ziren saskia ikusten. Pixkanaka-pixkanaka errenta zabaltzen hasi ziren eta hirugarren laurdenean partida erabakita utzi zuten.
Bera Bera Gros, larri
Añorga liderrak ez zuen Take Aralarrekin hutsik egin eta hondarribiarrekin berdinduta jarraitzen du, zazpi garaipenekin. Atzetik, Antiguak beste garaipen handi bat lortu zuen Beasainen Arri BKLren kontra —aurreko asteburuan Ikasbasketen kontra irabazi zuen—, eta laugarren jarri da, Arriren eta Bera Bera Grosen puntuekin (sei garaipen dituzte). Grosekoak ozta-ozta gailendu ziren Bera Bera Amara azkenaren kontra (46-44), eta lauko finalerako sailkatzea zaildu egin zaie. Azken bost partidetatik lau, multzoko lehen lauen kontra dituzte.
Ikasbasketek, a priori, egutegi errazagoa du. Hiru aurkari zuzenen kontra jokatu beharko du, biren kontra etxean (Bera Bera Gros eta Añorga), eta Arri BKLrekin kanpoan. Baina beste bi partida erosoago ditu, sailkapeneko azken bien kontra. Hiru partida irabazita sailkatu beharko lukete Hondarribikoek.
Datorren asteburuan Bera Bera Amararen kontra ariko da Ikasbasket, kanpoan. Bigarren fasean partidarik irabazi gabe daude donostiarrak, baina asteburuan Grosen erakutsi zuten partida guztiak borrokatzeko asmoa dutela. Hortaz, ez dira fio hondarribiarrak.