Hamahirugarren denboraldiaren hasieran 100. ekitaldira iritsi da Irungo Luis Mariano Lirika Elkartea. Hasi bezala ospatuko dute, Amaia KZn, lirikaren zati ezagunenetakoak bilduko dituen ikuskizun batekin
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa
Opera ezagunak Gipuzkoan programatzea, Bel canto-arekiko zaletasuna zabaltzea eta Luis Mariano irundar unibertsalenaren oinordetza betirakotzea. Horiek helburu, elkarte bat sortu zuten duela hamahiru urte Irunen, eta helburu horietatik aldendu gabe mugarri biribilera iritsi da. Bihar, 20:00etatik aurrera eta Amaia Kultur Zentroan, 100. ekitaldia programatuko du Luis Mariano Lirika Elkarteak, eta orain arteko 99 saioak laburbiltzeko balio duen izenburua jarri diote emanaldiari: Operaren hoberena.
Horixe, operaren hoberena biltzeko sortu zuten 2003an, baina lehen saioa hurrengo urtean burutu zuten, 2004ko apirilaren 25ean. Operarekin batera zuen goiburua, eta izen horrek oso ondo adierazten zuen eragile sortu berriaren xedea: kantu ederraren zaleekin elkarrekin bidea egiteko nahia. Eta horrela jardun dute hamabi urteko ibilbidea osatu bitarte, eta egiten jarraitu nahi dute, urtarrilaren 2ko Urte Berriko kontzertuarekin hasitako hamahirugarren denboraldia tarteko.
Biharkoa, ikasturte berriko bigarren saioa izango da, 2004ko aurreneko hark bezala Angel Pazos tenore eta elkarteko presidenteordea protagonista izango duena. Bere ondoan izango ditu Rocio Perez eta Angeline Danel sopranoak —arina lehena, lirikoa bigarrena—, Maria Ermolaeva mezzosopranoa eta Arturo Pastor baritonoa. Bostek, Aldo Salvagnok zuzenduriko Luis Mariano orkestraren laguntzarekin, lirikaren historiako zatirik esanguratsuenetako batzuk interpretatuko dituzte, hala nola, Carmen, Sevillako bizargina, Figaroren ezkontzak, Traviata eta Cavalleria rusticana obretako une ezagunenak.
Lan boluntarioa
Luis Mariano Lirika Elkartea sortu aurretik, inork ez luke sinetsiko hamabi urtetan hirian 40tik gora opera eta zarzuela saio programatuko zirenik, eta hori irabazirik gabeko elkarte batek eragin duela nabarmendu du Pazosek: «Egungo lirika ikuspegian gorenean dira enpresak, baina hau ez da enpresa bat, are gehiago, osatzen dutenek eta osatu izan dutenek, elkartearen ezaugarri ezinbesteko eta nagusiena partekatu dute beti, artearen aldeko maitasuna eta debaldeko lana».
Baina, boluntario lana izanda ere, ekarri dituzten ikuskizunak profesionalak izan dira. Hamabi denboraldietan —aurtengoa da 13.a— gutxienez lau ikuskizun handi programatu dituzte, 26 opera eta hamabost zarzuela. Horiez gain, beste 57 kontzertu, ikuskizunen aurreko asteetan egiten dituzten proiekzioak, edota Irun eta Hondarribian burutu izan dituzten kontzertu pedagogikoak. «Azken hauen artean bereziena Rossiniren La Cenerentola operaren emanaldi berezia izan zen», gogora elkarri du Pazosek.
Helduentzako emanaldia programatzearekin batera, haurrentzako propio prestaturiko emankizuna moldatu zuten orduan, eta sekulako arrakasta izan zuen.
Batzuekin eta besteekin, lirikaren Gipuzkoako hiriburu bilakatu da Luis Marianoren jaioterria, eta hori ez ezik, Irundik kanpora ere programatu izan du elkarteak, Hondarribian, Hendaian, Biarritzen, Donostian, Gasteizen eta Arrasaten esaterako. Lirikan izena lortu duten hainbat euskal abeslarik Irunen egin izan dute debuta, elkarteari esker.
Ia bostehun pertsonek osatzen dute Luis Mariano Lirika Elkartearen masa soziala, «300 bazkide inguru eta 150 bat abonatu». Horien guztien babesarekin egin du orain arteko bidea, eta horien omenez programatuko dute bihar Operaren hoberena, Luis Mariano Musika Elkartearen 100. ekitaldia.
Sarrerak agortuta
Esan beharrik ez dago sarrerarik ez duenak jada ez duela aurkituko. Askotan jarri behar izan dute Amaian Sarrerak agortuta dioen kartela, eta zalantzarik ez zegoen hain zita biribilean ere lortuko zutela.
Akaso hori da hamahiru urteko historia oparoan aurki daitekeen hutsune bakarretakoa, Gipuzkoako bigarren hiriak ez edukitzea Amaiakoa baino auditorio egokiagorik, alderdi kuantitatibo nahiz kualitatibotik begiratuta.
Hobekuntzak hobekuntza, Pio XII.a plazako kultur guneak ez du formatu handiko operak jasotzeko gaitasun teknikorik. Izan zen bere garaian auditorio berria eraikitzeko proiektua, San Juan-Etxeandia eremuan egitekoa zen hirigintza plan handiaren barruan, eta asmoa hain gertukoa zirudien, ezen hatz puntekin ia-ia ukitu baitzitekeen.
Halaber, San Juango obrako lehen fasea abiatu zutenean, lirika elkarteak programatutako opera bateko kideei lekua erakutsi zien, etorkizuneko auditorioa bertan kokatuko zela jakinarazteko.
Bistan denez, ez da auditorio berririk eraiki, eta luzera begira ez da eraikiko, baina hori ez da oztopo izango Luis Mariano Lirika Elkarteak Irunen opera hoberena programatzen jarraitzeko. Bihar 100. ekitaldia egingo dute, eta etorriko dira beste 100, eta askoz gehiago.