"Interes ekonomikoak eta espekulatiboak alboratzen dituen etxebizitza politika" eraman behar da aurrera EH Bilduren iritziz.
Etxebizitza politikan urrats berriak egin behar direla iritzi dio Irungo EH Bilduk, eta arlo hori begira, proposamen bat luzatu du, bi ildo nagusietan banatzen dena. Batetik, alokairu soziala bultzatzea, eta bestetik, etxebizitza hutsei irtenbidea ematea. EH Bilduk gogorarazi du etxebizitza oinarrizko eskubidea dela, eta horregatik, “interes ekonomikoak eta espekulatiboak alboratzen dituen etxebizitza politika” aurrera eraman behar dela.
Aurrekontuen eztabaidan udalak hiru etxebizitza erosi eta ondoren, alokairuan sozialean eskaintzeko konpromisoa hartu zuen, baina hori ez dela nahikoa iritzi dio koalizioak: “Ez da nahikoa duela gutxi eraiki diren
babes ofizialeko etxebizitzak eskaintzea horiek saltzea lortu ez dutelako. Ez da nahikoa, modu horretara, eraikuntza enpresei eta adreiluaren ekonomiari hauspoa ematen zaielako”.
Hori ez dela modua berretsi dute EH Bilduko ordezkariek, Irunen ia 2.000 etxebizitza huts daudela kontuan hartuta. Alderantziz, horiei irtenbidea eman behar zaiela iritzi dio. Horretarako lau aukera daudela uste du. Batetik, etxebizitzen trukea, horrek erabilgarritasuna galtzen duenean; bestetik, etxebizitza zaharkitu edo egoera desegokian daudenak erakundeek konpontzea epe baterako erabilpenaren truke; horrez gain, jabeei erraztasunak ematea alokatzeko abantailak eskainiz eta azkeni, eraikitzen edo eraikitzeke dauden etxebizitzek egungo familia ereduak erantzuna ematea, gazteak, adinekoak, bananduak, etxe handiak behar dituzten seme-alabak dituzten familiak…
Beste udal taldeekin hori dena lantzeko prest azaldu du EH Bildu.
Dani Berasategi, Izaskun Morondo eta Juan Mari Unanue.