Iazko San Silbestre Solidarioa herri lasterketan bildutako dirua da, eta atzo egin zen txekearen entrega.
Abay Etiopiak eskerrak eman dizkio Sport Mundiri, haiek gogoan izateagatik
Abay Etiopia gobernuz kanpoko erakundeak 20.000 euro jaso ditu Sport Mundi Elkartearen eskutik. Iazko San Silbestre Solidarioa herri lasterketan bildutako dirua da, eta atzo egin zen taloiaren entrega, Hondarribiko udaletxean. Bertan izan ziren Manu Amunarriz eta Juanan Garcia Sport Mundiko ordezkariak, Iñaki Astudillo Abay Etiopiako arduraduna eta Txomin Sagarzazu alkatea.
Proba antolatzen hasi zirenetik, urtero elkartasun elkarte bati bideratu dio Sport Mundik San Silbestren bildutako dirua. Iaz, esaterako, Behar Bidasoak jaso zuen txekea, eta aurten Etiopiako Walmara herrian Abayk abian duen proiektu bat sustatzeko balioko duela azaldu du Astudillok: “Kanguro haur eskola bat da. Walmaran gurasoak nekazariak dira eta zelaietan daude egun osoa. Ondorioz, anai-arreba nagusiek heuren neba txikiak zaindu behar dituzte eta ezin dute eskolera joan. Haur eskolan kanguro edo zaintza bat sortu nahi dugu haur guztiek eskolara joan eta hezkuntza egokia izan dezaten, beti ere kirolaren ildoa jarraituz”.