Ficoba, helburuak beteta
Ekitaldi kopurua eta diru sarrerak hazi dira: 243 ekitaldi egin dira eta diru sarrerak 1.375.000 eurora iritsi dira.
Diru sarreren ia erdia ekitaldi txikiek ekartzen dute, eta horrek zoru-bermea ematen digu, ekitaldiren bat galduz gero ere” (Ander Sarratea. Ficobako gerentea).Ficobak berak antolatutako ekitaldiek ere oso emaitza onak izan dituztela adierazi du Sarrateak. Jendetsuena Eguberrietako Azoka izan da 20.000 bisitarirekin; Eguberrietako Haur Parkeak ere arrakasta izan du, egun batean sarrerak agortzeraino. Bioterra ere egoera onean da, eta datorren urterako erakusketa gunea handitzeko asmoa dutela jakinarazi du Ficobako gerenteak, kanpoaldeko zati bat hartuta. Aurten lehenengoz egindako Uhinak klima eta itsasertz aldaketari buruzko kongresuak ere espero baino bisitari gehiago izan ditu, 140 azkenean. Azti-Tecnaliak ere oso balorazio positiboa egin duela esan du gerenteak. Azkenik, Magia jaialdiak ere espero baino arrakasta gehiago izan duela azaldu du, eta dimentsio handiagoa emateko asmoa dutela argitu du. Aurten horiei beste ekitaldi batzuk batu behar zaizkie: Bidasoko Txikien Azoka, Merkataritza Itsasketako erretiratuen kongresua, aldundiaren lan eskaintza publikoa (3.700 lagun bilduko dituen azterketarekin) eta Ezkontzen Azoka. Baliabide berriak Diru sarrerak %2 hazteak eta %6,5eko superabita edukitzeak ondare birmoldaketa espero baino lehen pagatzea ekarri duela esan du Sarrateak. Sei urterako zegoen aurreikusia eta 4 urte eta erdian lortu dute. “Horrek baliabide berriak ekarriko dizkigu, proiektu berriak egiteko baliabide propioak izatea”, jakinarazi du. Ficoba martxan jartzerakoan izandako defizitari aurre egiteari deitzen diote ondare birmoldaketa. Gainera, Sarratearen esanetan, azoken sektorea errekuperatzen ari da Europan, mundu mailan lehen tokian kokatuz. “Azoken pastela hazi egingo da, eta labana sartzeko gai izan behar gara” Datu horiek eskuan, Jose Antonio Santano Ficoba Fundazioko presidenteak Ficobak eduki duen ibilbidearekin harro azaldu da: “Batetik, ondare birmoldaketa espero baino lehenago bukatzeagatik, eta bestetik, martxoan ‘hipoteka kredituaren’ azkeneko kuota ordainduko duelako, operazio hau finantzatzeko balio izan zuena, hein handi batean”. “13 urte geroago eta inbertsioa bukatuta, Ficoba egoera ezin hobean aurkitzen den azpiegitura da, aurretik bizitza luzea duena eta erabat finantzatuta dagoena”, ondorioztatu du Irungo alkateak. Hori kontuan hartuta, denen artean “gauzak ondo” egin direla iritzi dio.
Ficoba egoera ezin hobean aurkitzen den azpiegitura da, aurretik bizitza luzea duena, eta erabat finantzatuta dagoena”. (Jose Antonio Santano Irungo alkatea)Ibilbidea luzea iragarri dio Ficobari, mugaz besteko eremuan, azoka profesionaletan eta erakundeen ekitaldietan hazteko aukerak ikusten ditu Santanok. Tomasenak Gipuzkoako Ekonomia Suspertzeko Planean Ficoba tresna garrantzitsua izango dela nabarmendu du, eta Epalzak, bestetik, turismoaren eremuan ere Ficobak ekarpen handia egin dezakeela esan du. Ficobari bi erakundeen babesa eskaini diote.