Bere marka gainditu zuen 4,11 metroko jauziarekin, eta 4,21 metroko bigarren jauzi batek eman dio urrezko domina
Malen Ruiz de Azua eta Nerea Sarriegi BATeko atletak.
Promesen Espainiako Txapelketa jokatu zuten joan den asteburuan Anoetako belodromoan, eta BAT Bidasoa Atletiko Taldeko atletek ez zuten zorte berdina eduki. Lan onena Malen Ruiz de Azuak egin zuen. Pertikan, urrezko domina irabazi zuen. Bere marka gainditu zuen 4,11 metroko jauziarekin, eta lehenengo jauzian, gainera. Horrekin nahikoa ez, eta 4,21 metroko bigarren jauzi bat egin zuen. Espainiako marka haustear egon zen 4,25 metroko jauziarekin, baina ez zuen lortu. Bide luzea du oraindik aurretik Ruiz de Azuak 20 urte baino ez dituela kontuan hartuta.
Bestalde, Nerea Sarriegik laugarren egin zuen, eta Espainiako txapelketa batean lortutako emaitza onena izan da. Lasterketak aztertzeko garaian asko hobetu duela nabarmendu du BATek, eta finalaurrekoan oso indartsu egon zen bigarren eginez. Lasterketa motela izan zen, eta oso ongi kokatuta egon arren, azken txanpan asko estutu zuten arerioek eta laugarren tokiarekin konformatu behar izan zuen, 4,47ko denborarekin.
Mikel Compon eta David Maldonadok, ordea, ez zuten asteburu ona eduki. Componek urduritasuna ezin izan zuen gainetik kendu, eta azkenean, bederatzigarren egin zuen, 4,46 metroko jauzia eginda. Maldonado, berriz, erori egin zen 1.500 metroko lasterketan, bukatzeko 450 metro falta zitzaizkiola. Lasterketan erabat sartuta zegoen, baina giratzerako garaian estropozu egin zuen eta erori egin zen, eta atzetik zetorren atleta ere erori egin zen. 23.en egin zuen 4,05eko denborarekin.