Aurten ere jabekuntza eskolak izango dira Irunen, eta bi proposamen egin ditu Gizarte Ongizate sailak. Batetik,
Maitatu berdintasunean, eta bestetik,
Nire sexualitatea sasoian jartzen. Gaurtik aurrera izena eman ahal izango da tailer horietan.
Maitatu berdintasunean tailerrean emakumeek sortzen dituzten loturak aztertuko dituzte. Izan ere, askotan lotura horretan “nia” desagertu egiten da, eta besteen arabera funtzionatzen du. Askotan emakumeek euren espazioa uzten dutela gogorarazi dute antolatzaileek eta beste pertsonen espazioetara egokitzen direla.
Martxoaren 2ra arte eman ahal izango da izena tailer horretan parte hartzeko, eta martxoaren 7 eta 14ean, eta apirilaren 4, 11, 18 eta 25ean eta maiatzaren 2 eta 9an izango dira saioak. Astelehenean izango da tailerra, 09:30etik 11:30era, CBA liburutegian. 17,50 euro balio du ikastaroak.
Nire sexualitatea sasoia jartzen tailerrean, berriz, sexualitatearen gainean hausnartuko dute, gizartean nagusitzen diren jarrerak, tabuak, errudun sentitzea, transgresioak… Horrez gain, harreman afektibo-sexualak, plazerra eta arriskuaren arteko harremanak ere landuko dituzte.
Izen emateko epea apirilaren 11tik 22ra izango da. Tailerrak, berriz, apirilaren 22 eta 29an eta maiatzaren 6an emango dituzte. Bi taldetan banatuko dituzte ikasleak ordutegiaren arabera, goizez, 10:00etatik 13:00era eta arratsaldez, 16:00etatik 19:00era, Ospitale Zaharrean. Izena ematerakoan 7 euro ordaindu behar dira.
Izena emateko bideak: 010 (Irundik deituz gero) edo 943 50 51 52 (kanpotik) telefono zenbakiak edo
webgunean.
Jabekuntza eskolak egingo dituzte Irunen.