Hondarribiarren kontra irabazita, borrokara itzulida da Antigua Luberri eta Bera Bera Grosek ezusteko hutsa izan du asteburuan.
Lidergoa galdu du Hondarribia Ikasbasket saskibaloi taldeak asteburuan, Antiguan Luberriren kontra hiru puntugatik galdu eta gero (62-59). Añorgak ez zuen hutsik egin azkenaren etxean eta berriro itzuli da lehen postura, Ikasbasket eta Beasaingo Arri BKL taldeekin berdinduta (
ikusi sailkapena).
Ezustekoa eman duena Bera Bera Gros da, Zarautzen Murkil Zastekin galduta. Hirugarren partida irabazi dute zarauztarrek eta lehen fasean Ikasbasketen multzoan lehen postuan bukatu zuen taldea arazoetan sartu dute.
Hala, lauko finalerako txartelak garestiago jarri dira asteburuko emaitzen ondorioz. Hiru talde daude sei garaipenekin —Ikasbasket tartean—, eta beste bi bostekin. Multzoko zortzi taldeetatik inolako aukerarik ez duten taldeak Murkil (hiru garaipen), Take Aralar (garaipen bat) eta Bera Bera Amara (denak galduta) dira.
Sei jardunaldi falta dira
Hurrengo asteburuan edozer gauza gertatu daiteke. Ikasbasket taldeak partida erraza du
a priori, Murkilen kontra, baina hondarribiarrek gogoan izan beharko dute Bera Bera Grosen kontra irabazteko gai izan direla zarauztarrak. Oraingoan Groseko neskek ezin dute hutsik egin etxean, Amarako talde lagunaren kontra, eta Añorga liderrak teorian erraz gainditu beharko luke Take Aralar taldea. Baina Ikasbasket, Bera Bera Gros eta Añorga taldeek adi-adi jarraituko dute Beasainen gertatzen dena.
Arri BKL eta Antigua Luberri ariko dira nor baino nor Beasainen. Donostiarrek irabaziz gero, bi taldeek puntu kopuru berarekin amaituko lukete jardunaldia, eta hurrengo bost jardunaldietarako ikuspegia asko zailduko litzateke. Galduta ere, ez lituzke aukera guztiak galduko Luberrik, baina horretarako sailkapeneko goiko aldeko norbaiten kontra irabazi beharko lukete, eta hemendik aurrera inork ez du opari gehiago egin nahiko.
Aurten lehen urtea du nagusien mailako Ikasbasket taldeak