Hurrengo partida Zarautzen jokatuko du ohorezko Mailako taldeak. Laugarren postutik hiru puntura jarri da Hondarribia FE.
Hondarribia Futbol Elkarteko lehen taldeak Tolosa liderra menderatu zuen larunbatean Hondartzan (1-0) eta laugarren tokian dagoen Real Unionengandik hiru puntura jarri da (
ikusi sailkapena).
Iazko urriaren 17tik tolosarren kontrako partidaren zain zegoen Hondarribia. Izan ere, lehen itzulian Berazubin jokatutakoan, tolosarrek luzapenean sartutako gol batengatik irabazi zieten berdeei (2-1), partida oso ona jokatu eta gero. Larunbat honetan, baina, mendekua hartu zuen Mikel Llorentek zuzentzen duen taldeak eta Hondartzan bildutako zaleei garaipen handia eskaintzeko aukera izan zuen.
Hiru puntuak eskuratu arren, Hondarribiak sailkapenean duen postua ez da gehiegi aldatu; bederatzigarren dago postu bat irabazita, baina aurrekoekiko tartea asko murriztu du. 35 puntu ditu taldeak eta, Real Unionek galdu duenez, laugarren postua orain 3 puntura dago.
Hurrengo partida gogorra izango da hondarribiarrentzat, Zarautzen jokatuko baitute. Hondarribiak baino hiru puntu gutxiago ditu Zarautzek, baina aurreko jardunaldian berdinduta zeuden bi taldeak. Denboraldian zehar ikusitakoaren arabera, multzoko defentsa onenetakoak dituzte bi taldeek. Akaso erasoan zertxobait hobeto aritu izan dira hondarribiarrak, baina lehen itzulian Zarautz nagusitu zen Hondartzan.
Oso talde parekatuak dira Hondarribia eta Zarautz