Hernanin abiatu da 2016ko Gipuzkoako Bike Trial Txapelketa. Elite Mailan hondarribiarra nagusitu zen; Gorka Susperregi herrikidea hirugarren sailkatu zen.
Areitio, Irungo Puianako zirkuituan
Ion Areitio txirrindulari hondarribiarrak Gipuzkoako Bike Trial Txapelketako lehen proba irabazi du Hernaniko Fagollagan, eremu naturalean. Iazko lesiotik erabat osatuta dagoela erakutsi zuen Areitiok. Gorka Susperregi, Elite Mailako beste hondarribiarra ere igo zen podiora, hirugarren koskan.
Bost probako hiru ibilbide egin behar izan zituzten parte hartzaileek, hamabost guztira, eta orotara bi hanka baino ez zituen jarri Areitiok, lehen ibilbidean bat eta hirugarrenean bestea; bigarren ibilbidea hutsean bukatu zuen. Lan bikaina osatu zuen hondarribiarrak, baina ez zuen garaipena erraz lortu, Julen Saenz de Ormijana gazteak —iaz, kadete Mailan lehiatu zen— ere erakustaldia eman baitzuen; lau hanka jarri zituen Saenz de Ormijanak, Areitiok baino bi gehiago bakarrik.
Susperregik, aldiz, ez zuen ondo hasi proba, lehen ibilbidean 10 hanka pilatuz. Hurrengo bi pasaeratan asko hobetu zuen bere lana —2 hanka bigarren ibilbidean eta 3 hirugarrenean—, eta 15 punturekin bukatu zuen proba.