Antxeta Irratiaren 15. urteurrenaren harira hainbat ekitaldi egingo dituzte urtean zehar. Topaketa gastronomikoak egiten ari dira egunotan, bihar Hondarribiko Klink elkartean.
Aitor Errazkin, Maia Muruaga eta Koldo Nausia, Antxeta Irratiko estudioetan
Urteurren biribila ez da aurtengoa, baina horren aitzakiarekin hainbat ekitaldi antolatzen ari da Antxeta Irratia. “Ez genuen ospakizun soila izatea nahi. Jai giroan bai, baina gure irizpide horien barruan, ekarpen bat egin nahi genion eskualdeari ospakizunarekin batera”, azaldu du Koldo Nausia Antxeta Irratiko kazetariak. Horretarako lantalde bat osatu dute, eta urte guztirako egitarau bat osatzen ari dira, Antxeta Irratiaren lau ildoak, elkarbizitza, euskara, berdintasuna eta pluraltasuna kontuan hartuta.
Horrekin batera, promozioan ahalegin bat egiten ari dira, eta hala nola, logoa berritu dute, “Euskal Irratien logoa geureganatuz, ezagutarazteko Euskal Irratiak Federazioaren laugarren hanka garela”. Horrez gain,
kanta bat ere egin dute. Nausiak jakinarazi duenez, Egoitz Zelaia bertsolariak egin du letra eta Luz de Putas taldeak musika, “15 urte hauetan kolaboratzaile izan diren beste musikari batzuk ere lagundu digute: Iban Rusiñol (The Sparteens), Eneritz Dueso (Kasernarat)…”. Uhinak orrazten da urtemugaren leloa.
Egitarauari dagokionez, lehen ekitaldi nagusia
Gastronomia Topaketa Kultur Anitzak dira. Joan den asteburuan Hendaian egin zuten lehen saioa; gaur, Hondarribiko Klink elkartean egingo dute, eta asteazkenean, Irungo EKTn, biak 18:30ean. Asmoa jatorri ezberdinetako eskualdeko herritarak gonbidatzea da: Hondarribiko saioan Senegal izango da gonbidatua, eta Irungoan, Ukraina eta Mexiko.
Aurkezpen ekitaldia
Hurrengo ostiralean, hilak 26, 15. urteurrenaren aurkezpen ekitaldia egingo dute Pausuko Xaia ostatuan, 20:00etatik aurrera. Bertan, Luz de Putas taldeak kontzertu txiki bat emango du, besteak beste, urteurreneko kanta jotzearekin batera.
Martxoan, berriz, Irungo Ospitale Zaharrean gastronomia topaketetan parte hartu duten etorkinekin mahai-inguru bat izango dela aurreratu du Nausiak. Udalak, SOS Arrazakeriak eta Adiskidetuak elkarteak ere parte hartuko dute. Etorkinek euren sare sozialak zabaltzeko dituzten zailtasunak, eta horren aurrean erakundeetatik zer egin aztertuko dute.
Apirila, maiatza eta ekainean erakusketa ibiltari bat egingo dute Hondarribia, Hendaia eta Irunen, hurrenez hurren. Eskualdeko bost artista bildu dituzte —Flo Sevre, Judas Arrieta, Iraitz Arabolaza, Oier Gil eta Angela Mejias— eta enkargatu diete urtemugaren harira obra bat egiteko.
Martxoaren 17an Berdintasunaren ildotik izenburupean monografiko bat egingo dute Hondarribiko Kultur Etxean. Herriko udal ordezkari eta elkarteek nahiz hezkuntza arloko ordezkariek parte hartuko dute.
Bidasoan Euskaraz festa ere izango da aurten, maiatzaren 5, 6 eta 7an. Lehen aldiz, kontsumo jasangarriaren azoka egingo dute, baina beste zenbait ekitaldi ere izango dira.
Maiatzaren 19an, berriz, erabakitzeko eskubidearen aldeko mahai-ingurua antolatuko dute tokia erabat lotuta ez dagoen arren, Hondarribiko Kultur Etxean seguruenik. Gonbidatuen artean ANC Assemblea Nacional Catalanako kide bat, Eskoziako alderdi independentistako ordezkari bat eta Euskal Herritik Gure Esku Dago-ko Anjel Oiarbide egongo dira.