Eremu naturala zaindu, baina erabilera berriak garatzeko aukerak baliatzea bilatzen du planak.
Olaberria ingururako plan bat prestatzen ari da udala
Ibarra Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Berezian lanean ari da Irungo Udala Olaberriako bailararako. Bi adar izango ditu plan horrek: batetik eremu naturala zaintzea, baina bestetik erabilera berriak garatzeko aukerak baliatzea. Guztira, 600 eremua hartuko du, “ingurunearen berezitasunak” hartuko ditu kontuan, Xabier Iridoy Hirigintza ordezkariaren arabera.
“Bertako gunean landakoak dira nagusiki, baina erdigunetik hain hurbil dagoenez, naturaren inguruarekin lotutako erabilera berriak aztertzeko alternatiba interesgarria izan daiteke”, gaineratu du Iridoyk.
Miguel Angel Paez Garapen Iraunkorreko ordezkariak ere ildo beretik mintzatu da, eta Olaberriaren ezaugarriak gogorarazi ditu, errepideak, AHTren trazatutik gertu egotea, hainbat azpiegitura (sare elektrikoak, gasa, ur edangarria tratatzeko estazioa…) ere bertatik pasatzea… Hala, planak horiek kontuan hartu behar dituela esan du, baina “ingurumeneko izaera aurretik jarrita”.
Urune eta Epeleren aukerak
Horri lotuta, Urune eta Epele izan daitezke jardueraren bat aurrera eramateko eremuak; izan ere, eremu urbanizagarri gisa daude kalifikatuta Plan Nagusian, eta haietan bakarrik garatu ahal izango litzateke jardueraren bat.
Urbanizagarria ez den eremuari dagokionez, horren helburua Irundik gertu dagoen natur gune berezia “behar bezala tratatzea” izango dela azaldu du Miguel Angel Paez Garapen Iraunkorreko ordezkariak, “babesteko eta mantentzeko eremu gisa, baina baita eremuaz gozatzeko aukera ere emanez”.
Egun plana tramitatzen ari da, eta datozen hilabeteetan egitea aurreikusi dute. Edonola ere, herritarren partaidetza prozesu bat ere martxan jartzea espero dute, plana behin betiko onartu aurretik.
Horretarako webgune berezi bat sortuko dute. Horrez gain, elkarrizketak eta topaketak egingo dituzte alderdi politiko eta Olaberria ibarreko hainbat eragilerekin.
Helburuak
- Natur baliabideen erabilera zentzuzkoa eta iraunkorra bultzatzea.
- Landa ezaugarriak babestea, lehenaratzea eta bultzatzea.
- Andeatutako errealitateak zuzentzea.
- Nekazaritza jarduerak eta dauden bizitegi erabilerak finkatzea.
- Ingurumenarekin bateragarriak diren beste erabilera batzuk baimendu eta arautzea.
- Ibarraz baliatuz, naturaz, paisaiaz eta ondare naturala, arkitektura, historia eta arkeolgoai ondareaz disfrutatu ahal izatea herritarrek.
- Egoteko tokiak egokitzea baita oinezkoentzako zein bizikletentzako ibilbideak ere.