Lur jauzia izan da Olaberriako errepidean
Jose Antonio Santano Irungo alkateak aurreikuspen falta salatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari erantzukizuna eskatu dio, errepide hori utzita edukitzeagatik.
Olaberriako errepidea moztuta egon da, zehazki, GI 3452 errepidean, 1,185 eta 1,240 kilometroen artean. Jose Antonio Santano Irungo alkateak aurreikuspen falta salatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari erantzukizuna eskatu dio, errepide hori utzita edukitzeagatik.
“Aldundiak errepidea utzita eduki duela agerikoa da. Bilduren aldundiak ez zuen aurrekontuetan sartu, ekitea aurreikusita zeukala argudiatuta, eta egungo gobernuak ekintzak berretsi zituen arren, ez du errepidearen jarraipen bat egin, eta ez du aurreikusi azkenean gertatu dena, errepidea moztu duen beste lur jauzi bat”, adierazi du Santanok.
Lur jauzi horrek bizilagun nahiz inguruko jarduera ekonomikoarentzat arazoak ekarri dituela jakinarazi du alkateak. Hala, esku hartzea beharrezkoa zela gogorarazi du, eta “premiazkoa” iazko otsailean lur jauzi bat izan zenez geroztik.
Nolanahi ere, duela hilabete aldundiak jakinarazi zion udalari urte honetan zehar errepidea konponduko duela, lur irristaketak egonkortzeko proiektu baten bidez.