Adiskidetuak elkarteko ateak irekita dituzte
Adiskidetuak elkartean etorkinei aholkularitza zerbitzua ematen diete euren egoera erregularizatu eta lan edo arlo juridikoan dituzten arazoak konpondu ahal izateko. Irungo Foru kalean du bulegoa elkarteak.
Etorkinak, oro har, ekonomikoki euren egoera hobetzera joaten diraKasu horretan, gehienak emakumeak izaten direla azaldu du Ikardok: «Gehienetan beren familiak uzten dituzte han, askotan baita haur txikiak ere. Mailegu bat eskatzen dute hona etortzeko». Hemen duten bizitza etxeetan lan egitea izaten da, etxeak garbitu eta adineko pertsonak zaintzea. Adiskidetuak-eko abokatuaren arabera, dituzten irabaziak euren herrialdeetara bidaltzen dituzte familiak aurrera ateratzeko, seme-alabak eskolatzeko edo unibertsitatera eramateko, eta mailegua ordaindu ahal izateko. Normalean, horiek euren herrialdeetara bueltatzen dira. Ipar Afrikako etorkinak ere askotan jasotzen dituzte Irungo bulegoan. «Horiek muturreko egoeretatik ihes egiten dute, gerra eta miseriatik. Kasu horretan, batik bat gizonak izaten dira, Saharaz hegoaldeko Afrikakoak, eta hemen arrantzan egiten dute lan». Behin eskaera jasotakoan, Adiskidetuak-en funtzioa izaten da dituzten aukerak eskaintzea, euren egoera erregularitzatzeko. Azken hori lortzen ez duten bitartean ohartarazten diete zein arriskurekin topa daitezken. Adibidez, poliziak atzematen baditu: «Kasu horretan azaltzen diegu zein prozesu irekitzen den, bai baitaukate doako ofiziozko abokatu bat, beraiekin koordinazio bat egiteko».
Etxeko langileek askotan lan gehiegikeriak jasaten dituzteErregularizazioa, ordea, ez da eskaintzen duten zerbitzu bakarra, eta familia ekartzen laguntzen diete edota lan aldetik arazoak badituzte aholkuak ematen dizkiete etorri berriei. Izan ere, lan arloan hainbat arazorekin topatzen dira etorkinak, lan baldintzei dagokienez. «Adibidez, etxeetan lan egiten dutenen kasuan askotan lan gehiegikeriak jasaten dituzte. Beraien egoerarengatik dena onartzen dute: ordu asko egiten dituzte lan eta gutxi kobratzen dute. Baldintzak ez dira onak izaten», jakinarazi du Ikardok. Edonola ere, argi utzi du egoera guztiak ez direla berdinak, eta beste kasu batzuetan harreman ona dutela familiekin eta «haietako bat» ere bihurtzen direla. «Hala ere, gugana beti arazoak dituzten pertsonak etortzen dira, eta zaila da errealitatea osorik ezagutzea» , azaldu du. Beste proiektuak Adiskidetuak, ordea, ez da laguntza juridikoa ematera mugatzen, eta urtean zehar beste zenbait proiektu ere egiten ditu. Besteak beste, elikagai banaketa, tailerrak, sukaldaritza ikastaroa… Elikagai banaketari dagokionez, behar gehiena dutenei banatzen diete. Tailerrak, berriz, espezifikoak dira lanean dauden etorkinentzat. Adibidez, etxeetan lan egiten dutenei begira, pertsona heldu bat nola zaindu irakasten diete, esaterako, erortzen denean zer egin edo beste edozein zaintza nola egin. Adac Mendoza medikuak ematen du tailer hori. Horrez gain, sukaldean lan egiten badute, hemengo sukaldaritza irakasten diete. Ikastaro hori Pilar Arteaga Zuberoa jatetxeko sukaldariak ematen du. Aurten, ordea, oraindik ez dakite zein ikastaro aterako diren aurrera, ikasturtea hasi berria baitute: «Pentsatzen dut sukaldaritzarena eta zaintza ikastaroak errepikatuko ditugula, eta elikagaiak banatzen ere segituko dugula».