Etxekoek irabazi dute Hondarribiko XVI. Traineru Jaitsiera. Berdeek erakustaldia eman dute eta B ontzia bigarren sailkatu dute, Orio eta bi pasaitarren aurretik.

Ama Guadalupekoa zubien azpitik igarotzen. Urteko lehen bandera irabazi dute berdeek.
Hondarribia Arraun Elkarteak erakustaldia eman zuen larunbatean etxean. Hondarribiko XVI. Traineru Jaitsiera zegoen jokoan eta etxekoak ziren faboritoak. Aurreikuspenak bete zituzten berdeek, baina hori ez ezik, bigarren ere geratu ziren hondarribiarrak, bi traineru sartu zituzten Orio, San Pedro eta Koxtape-San Juan elkarteetako ontzien aurretik.
Gainera, lehen trainerua goitik behera etxeko arraunlariekin osatu zuen elkarteak, eta hala, bigarren traineruan, lehen ontzian itsas milia asko egin izan dituzten kirolariak sartu ziren. Hondarribia A-k 21 minutu eta 14 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko; hamazazpi segundo atera zizkion Hondarribia B-ri (21:31), Oriori 25 (21:39), 31 segundo San Pedrori eta San Juango arrosei 40 (
ikusi sailkapen osoa).
Itsaso zakarra zegoenez, ibilbide alternatiboan egin zen Hondarribiko XVI. Traineru Jaitsiera, Jabier Ugarte lorategien paretik ibaian gora abiatuta, Irun eta Hendaia arteko zubien azpitik pasa eta irlen inguruan ziaboga hartuta, buelatko bidea osatzeko. Gizonezkoen proban hogei traineruk eman zuten izena, horien artean San Miguel Ligan lehiatuko diren sei elkarte: Hondarribia, Orio, San Pedro, San Juan, Astillero eta Zumaia.
Denboraldi hasieran, olatu gainean kolpea eman du Hondarribiak, eta dagoeneko aurkariek badakite bikingoak aurten ere gerra emateko prest daudela. 2016ko lehen bandera irabazi du arraun elkarteak, eta talde oso zabala duela erakutsi. Bistan denez, Mikel Orbañanos prestatzaileak buruhauste itzela izango du maiatza aldera, lehen taldetik kanpora zeintzuk geratu behar diren erabakitzeko orduan.

Bigarren geratu zen Hondarribia B, San Miguel ligako hainbat aurkarien aurretik
Nesken estreinaldia
Larunbateko jaitsierak Hondarribiko nesken estreinaldirako ere balio izan zuen. Urte batzuen hutsunearen ondoren
berriro atera du emakumeen ontzia arraun elkarteak, eta larunbatean lehen aldiz lehiatu ziren.
Etxekoez gain, beste bi traineru aritu ziren emakumeen proban, Orio eta Hibaika, eta horiek ezustekoa eman zuten, bandera lortuz.
Beteranoetan Zumaiako Telmo-Deuna izan zen azkarrena, Getxoren eta Fortunaren aurretik.