Juan Mari Altuna Hondarribiko Udaleko Zerbitzuetako zinegotziaren ustez, hurrengo denboraleekin ere "kalteak gerta litezke", baina Hondarribia prest dagoela uste du.
Urteko lehen denboraleak kalteak eragin ditu Hondarribian. Hori, herria babesean egonik.
Ez balitz mendiagatik izango eta Kai Berriarengatik, ziur kalteak askoz handiagoak izango zirela. Donostia, Zarautz edota urrutirago joan gabe, Hendaian ere, kalteak askoz handiagoak izan dira, eta hurrengo denboraleetan, ziur aski ere hala izango da.
Prest al dago Hondarribia etorkizunean iritsi daitezkeen denborale handiei aurre egiteko?
Bai. Alde batetik, esandako bi faktoreak ditugu, Jaizkibel eta Kai Berria. Hortaz gain, ongi prestatuta dago Hondarribia azpiegitura tekniko eta pertsonalekin. Gurutze Gorria, DYA, Ertzaintza, Udaltzaingoa eta Udal Brigadaren arteko lan harremana egokia da. Denboraleak eta kalteak gerta litezke, baina prest gaude aurre egiteko.
Zein da ahulgune handiena?
Baliteke espigoia izatea. Babesgune gutxiago du, itsasgora eta denboralea dagoenean, olatuek erraz gainditzen dute. Horregatik beti itxi behar izaten da lehen neurri bezala. Kai Berrian, antzerako zerbait gertatzen da baina Amuitzek asko laguntzen du olatuak barneraino ez sartzen. Hiritarra ere kontzientziatua dagoela esango nuke, eta badaki nora hurbil daitekeen eta nora ez.
Egin al daiteke zerbait ahulgune horiek indartzeko?
Beti bada zerbait egiteko eta lanean aritzeko modukoa, baina espigoiarekin ez dugu erraza. Itsasoaren haserreak oso indartsuak direnean, aurretik neurriak hartu eta betearaztea da geratzen zaiguna.
Olatuek babes horma gainditu dute itsasgorarekin