BAT Bidasoa Atletiko Taldea proposamen berri batekin dator herri lasterketen arloan: errelebotako lasterketa. Martxoaren 20an izango da, eta talde nahiz enpresei zuzenduta dago; lauko taldeak osatu beharko dira.
Korrika egiteko afizioa geroz eta zabalduago dago, eta horrekin lotuta, geroz eta gehiago dira antolatzen diren herri lasterketak. Bata aukeratu edo bestea, eskaintza eta gustuen araberakoa izaten da. Oraingoan, BAT Bidasoa Atletiko Taldea eskaintza berri eta berezi batekin dator: errelebotako lasterketa.
BATek beste lasterketa batzuk ere antolatzen ditu urtean zehar, eta oraingoan, ez zuen lasterketa tradizional bat antolatu nahi. “Formatua aldatu dugu, eta taldeka izango da. Taldekide guztiek ez dute batera korri egingo, —badago horrelako bat Donostian enpresentzat— baizik eta bakoitzak bere txanda jokatuko du”, azaldu du Ibon Muñoz BATeko kideak.
Isabel Mancebo Balda-BAT Bidasoa Atletiko Taldea
Hala, talde eta enpresei zuzenduta dagoen lasterketa da, eta lauko taldeak dira osatu behar direnak. Taldekide bakoitzak milia bat (1,6 kilometro) korritu beharko du. Alegia, lehenengoak milia bat korritu beharko du, eta helmugara iristean, hurrengo taldekideari emango dio lekukoa (lekukoak txipa du). Horrela taldekide guztiek ibilbidea bukatu arte. Taldeak neskenak, mutilenak edo mistoak izan daitezke, eta kategoria horietako bakoitzeko sari bana egongo da (bai taldeentzat eta baita enpresentzat ere).
Martxoaren 20an izango da lasterketa, eta ibilbidea Irungo kaleetatik izango da. “Colon pasealekua zeharkatuko dute korrikalariek San Juan plazarantz, lehenbizi, eta gero, Geltokiko zubirantz. Beraz, ibilbidea erabat laua izango da”, argitu du Muñozek. Izena martxoaren 15a baino lehen eman beharko da
www.kirolprobak.com webgunean. Izen emateak 7 euro balio du korrikalariko (28 euro taldeko).
Lasterketa bukatu ondoren, beste lasterketa bat hasiko da, baina hori, ordea, federatuentzat: Euskadiko Federatuen Errelebo Txapelketa.
Iñigo Lavadon, bazkaria
Korrika saioa egin ondoren, plana biribiltzeko aukera bat Ficobako Iñigo Lavado jatetxera joatea izan daiteke. Muñozen arabera, parte hartzen duten korrikalarientzat menu berezi bat egongo da, 20 euroan. Hori bai, aurretik erreserba egin beharko da, eta nahikoa izango da mahaian eseriko den bat bakarra izatea lasterketan parte hartu duena erreserba egiteko. Lavado eta BATek harremana dute: bera ere korrika aritzen da, eta BATeko running taldeetan parte hartzen du, Muñozek jakinarazi duenez.
Helduez gain, haurrek ere atletismoarekin lotutako goiza izango dute Irunen, Igande Sasoi dinamikaren barruan, BATek hainbat ekintza antolatuko baititu Luis Mariano eta Zabaltza plazetan: luzera jauzia, jaurtiketa, hesiak… Begiraleak egongo dira, beraz, korrika aritu nahi duten gurasoek ez dute aitzakiarik lasterketan parte hartu ahal izateko.
BATen seigarrena
BATek antolatutako lasterketa hau bere eskutik iristen diren beste bost lasterketei batu behar zaie: San Martzialera igoera Irungo jaietan, Guadalupera igoera Hondarribikoetan, Irun Hiria Kross Txapelketa azaroan, Txingudi Korrika urrian, eta Gabonetako Krosa, Gabon aurreko larunbatean. Baina horiez gain, beste jarduera batzuk ere antolatzen ditu: running taldeak, sasoian jartzeko jarduerak emakume eta gazteei begira eta udalekuak, uztailean. Muñozen arabera, talde bakoitzean 30tik gora lagun biltzen dira, eta udalekuetan adibidez, iaz, 150 ume ibili ziren.
BATen ekintza nagusia, ordea, atletismoa da. 177 federatu lizentzia ditu, Gipuzkoan gehienetakoa duen taldea da, Muñozen esanetan. Horrez gain, Atletismo Eskola sendoa du, 300dik gora umerekin, 8-13 urtekoak. Irunen nahiz Hondarribian entrenatzen dute. Entrenatzaileei lotuta, profesionalizatzen ari direla zehaztu du Muñozek, lan kontratua eginda.
Maila handiko atletak daude BATen, eta horren adibide Espainiako Txapelketako parte hartzea; 70 atleta joan ziren, eta 21 domina eskuratu zituzten: bost urrezkoak, 11 zilarrezkoak eta bost brontzezkoak. Txapelketa erregularrei dagokionez, Lehenengo Mailan dauden neskek —estatuko hiru maila daude: Ohorezkoa, Lehenengoa eta Bigarrena—hirugarren tokian bukatu zuten liga iaz; mutilek, berriz, 11.en.
Urte olinpikoa da 2016a, eta Rio Janeiroko Olinpiar Jokoetan BATek ordezkaritzarik izango ez duen arren, Europako Txapelketan parte hartzeko aukerak dituzten atletak badaude: Teresa Errandonea luzera jauzian, Malen Ruiz de Azua pertikan eta Clara Viñaras 3.000 metroko oztopo lasterketan. Lehen biak promesetan daude, eta Viñarasek aurten du lehen urtea absolutuetan. Mutilei dagokionez, Mikel Campon ari da nabarmentzen: bost metroko jauziak egiten ditu pertikan.