Amute-Kostakoen karroza eta La 3 konpartsa izan dira Hondarribiko Inauterietako desfileko irabazle nagusiak. Bukatu da bost egunez luzatu den mozorro festa.
Amute-Kostakoek inkisizio garaia irudikatu zuten
Amute-Kosta Auzolagunen karroza eta La 3 konpartsa izan dira Hondarribiko Inauterietako desfileko irabazle nagusiak. Atzo arratsaldean egin zen sari banaketa udaletxean, eta desfilean parte hartu zuten talde askotako ordezkariak bildu ziren bertan. Erakuslehio lehiaketako sariak ere banatu zituzten. Udal gobernuko eta oposizioko hainbat zinegotzik —Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EE alderdietakoak— eman zituzten sariak.
Inkisizio garaiko sorginen ehiza irudikatzen zuen karrozagatik lehen saria irabazi dute aurten Amute-Kostako Auzolagunek, eta horrekin batera garaikurra eta 800 euro. Carlos Zapirain akademiako dantzari finek bigarren saria lortu zuten (600 euro).
Baina desfileko irabazle nagusia La 3 taldea izan zen, konpartsa handientzako (D Maila) lehen saria irabazteaz gain, hirugarren sailkatu baitzen karrozetan. 1.200 euro guztira Alde Zaharrekoentzat. Konpartsetako D Mailako bigarren tokian Kuki Dantza Eskola sailkatu zen (garaikurra eta 600 euro), Pilar Peña Dantza Eskolaren aurretik (garaikurra eta 400 euro).
Hondarribikoa ez den konpartsa eta karroza onenari saria, aldiz, Santiagoko Deabruak elkartearen Herensugeei eman zien epaimahaiak (garaikurra eta 800 euro).
Konpartsen lehiaketako gainontzeko sarituak honakoak izan ziren: Guillermo Sopupe
presoa konpartsen A mailan (150 euro) eta Ondare Kultur Elkartea C Mailan (300 euro); B Mailara ez zen inor aurkeztu.
Ikusi desfileko argazkiak
VI. Inauterietako Erakuslehio lehiaketari dagokionez, Andrea Opariak saltokiak jaso zuen lehen saria; garaikurra eta 450 euro. Bigarren tokian iazko irabazlea geratu da aurten, Pascua Emakumea jantzi denda (300 euro). Eta hirugarren saria Mara osagarrien saltokiarentzat izan da (200 euro). Hiruren lana nabarmentzeaz gain, udalak eskerrak eman dizkie lehiaketan parte hartu duten saltoki guztiei, “Inauterietan herria politagoa” egiten laguntzeagatik.
Ekitaldian, Gabonetako erakuslehio lehiaketako sariak ere banatu zituzten. Gabonetako saltoki txukunena Mara izan zen, Andrea eta Bizi on bike saltokien aurretik.
Saritu guztiak udal ordezkariekin
Parodia Jostaldin
Inauterietako ekitaldi nagusietako bat olinpiadetako parodia izan zen. Ostiralean egin zuten leporaino bete zen Jostaldi pilotalekuan. Parte hartu zuten 23 taldeen lanaz gain (
ikusi argazkiak), antolakuntza nabarmentzekoa izan zen. Iaz Soroetan egin zuten, baina aurten ados jarri ziren olinpiadak eta udala, Jostaldin egiteko. Asmatu zuten, hain ekitaldi handia burutzeko baldintza egokiak betetzen baititu Jostaldik. Gainera, Hondarribiko Pilota Eskolak taberna ireki zuen, ezer falta ez zedin.
Hok ezpattuk! tadeak irabazi zuen parodia proba (
ikusi bideoa), traineruen estropada baten zuzeneko emankizun bat irudikatuta. Ashkorax eta Kolax+Hirekin Enak Ariki geratu ziren bigarren eta hirugarren (
ikusi bien saioak).
Sainduan ere egin zuten mozorro festa ostiralean, lehiaketa barne. Dozenaka gazte hurbildu ziren gaztelekura eta mozorrotuta agertzeagatik merienda paregabeaz gozatu zuten. Aurten mozorro tailerra antolatu du Gazte Zerbitzuak eta horrez gain, gaztelekuan behin baino gehiagotan ikasi dute egoera berezietarako makilatzen. Hori guztia nabari zen ostiraleko mozorro erakustaldian.
Sainduako gazteetako batzuk, ostiralean