Xabier Iridoy Hirigintza ordezkaria pozik agertu da lortutako aurrerapausoekin.
Sintonia ona lortu dute Irungo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak LZP Lurralde Zatikako Planaren alegazioen gainean egindako bileran. Bigarren aldiz bildu ziren joan den urtarrilaren 29an, eta udalak horietako asko kontuan hartzea lortu du.
Alegazio horien nondik norakoak eman ditu, gaur, Xabier Iridoy Hirigintza zinegotziak, eta pozik agertu da lortutako aurrerapausoekin. Horri lotuta, udal gobernuak onartutako Plan Orokorra eta LZP denbora berean jarriko direla martxan adierazi du, eta hori onuragarria izango dela irundarrentzat.
Zazpi alegazio aurkeztu ditu udalak. Hasteko, Ingurune Fisikoaren Antolamendu Orokorrari dagokionez, “aurrerapauso bat” eman dute, nahiz eta hasiera batean bi erakundeek helburu ezberdinak zituzten. Adostutakoaren arabera, aukera egongo da Araso Iparra esparruaren luzapenaren garapen partziala egiteko. Hasiera batean, Aiako Harria eta Jaizkibel arteko korridore ekologikoa dela kontuan hartuta, LZPk ez zuen onartzen esparru horren luzapenaren garapena, baina erabateko luzapena onartu ez arren, jarduera ekonomikoak egiteko garapena “partzialki” onartzea lortu dutela zehaztu du Iridoyk.
Xabier Iridoyk LZP Lurralde Zatitako Planari aurkeztutako alegazioen berri eman du
Txingudi marka estrategikoaren inguruari dagokionez —hor Txingudiko ingurune babestua, aireportua, Zubieta-Urdanibia eta trenbidearen ingurua sartzen dira—, udalak ez zuen ulertzen hori ordenazio bateratu batez egitea, ulertuz arlo ezberdinak ukitzen zituztela, eta horrek arlo estrategiko horren garapena oztopatuko zuela. Horregatik, banan-banan garatzea onartu dute, gainera, kontuan hartuta, bakoitzak baduela jada bere plangintza.
Mugikortasunaren arloan, Plaiaundi parke ekologiko ingurutik doan oinezko eta txirrindularientzako bideari buruz aurkeztutako alegazioa onartu du Jaurlaritzak. Iridoyren esanetan, parke ekologikoak zabaltzeko helburua du, eta orain, dagoeneko zehaztua dagoela esan du: Plaiaundi institutuaren atzean dauden baratzeak parke ekologikoaren parte izango direla aurreratu du, eta horren ingurutik joango dela ibilbidea.
Arlo horren barruan ere, gaitasun handiko eta eskuragarritasun zuzeneko bide berri bat egiteko akordioaren gainean ere hitz egin zuten, eta udalaren eskaera onartu du Jaurlaritzak, eta horrenbestez, ohiko bide bat jarriko dute. Udalaren iritziz, ez zen premiazkoa eta desjabetzeak saihestuko lirateke.
Espero baino 1.000 etxebizitza gehiago
Etxebizitzak ere izan zituzten hizpide, eta hasieran aurreikusitakoa baino mila etxebizitza gehiagora handitu dute gehienezko kopurua. Guztira, 5.136 etxebizitza. Udalaren Plan Orokorrarekin bat egiten duela esan du Iridoyk.
Jarduera ekonomikoei zuzendutako lur antolamenduen atalean, hiriaren mendebaldean logistikarekin lotutako jarduerak egitea proposatzen zuen LZPk, baina Iridoyren iritziz, “zentzugabekeria” zen, kontuan hartuta, hori egun Zaisan kokatuta dagoela. Horrenbestez, lehentasun hori kentzea lortu dutela azaldu du Hirigintza delegatuak.
Azkenik, Olaberria ingurunean Urune eta Epele kokaguneak LZPn ez urbanizagarriak zirela biltzen zuen, baina udalaren aburuz, badute bokazio hori, baso eta nekazaritza jarduerei lotuta. Hori ere aurrera ateratzea lortu dute.