Ezker abertzaleak preso politikoak dauden espetxe guztietara martxak egingo ditu hilaren 20an. Tomas Elgorriagaren epaiketara ez da autobusik izango.
Ezker Abertzalea murgilduta dagoen Abian prozesuaren barruan, “presoek daukaten garrantzia azpimarratzeko, eta prozesuan parte hartzeko deia eginez”, preso politikoak dauden espetxe guztietara
Euskal Herria abian, presoak etxera goiburuko martxak egingo dituzte hilaren 20an, larunbatez. Hondarribiarrak, eta irundarrak, Caceresko espetxera egingo dute bidaia, eta dagoeneko izena eman daiteke. Hainbat modu daude egiteko: Muara elkartean jarri duten zerrendaren bidez, 674 501 363 zenbakira WhatsApp, SMS edo Telegram mezuak bidaliz, edo
posta elektronikoz idatziz.
Hondarribiko Sortu alderdiak jakinarazi duenez, martxara doazenek ez dute bidaia ordaindu beharko, baina ezker abertzaleak 10 euroko bono laguntzak atera ditu kanpaina finantzatzeko. Hondarribian, Muara elkartean lor daitezke txartel horiek..
Euskal preso politikoak dauden presondegi guztietara joango da ezker abertzalea
Bidaiaren aurretik, afaria
Hilaren 20an egingo dute bidaia, goizaldean. Autobusa 02:00etan abiatuko da Miramarreko geltokitik, eta hori probestuz, afaria antolatuko dute Olagarro elkartean: “Goizeko ordubiak arte autobusaren zain egoteko afaria antolatuko dugu, itxaronaldia entretenigarriagoa egiteko”, azaldu dute.
Bidaia eta gero ekitaldia egingo dute Caceresko espetxe kanpoaldean, eta jarraian itzuliko dira Hondarribira.
Elgorriagarena, bertan behera
Asteburu berean, Tomas Elgorriaga Kunze preso politikoa bisitatzeko autobusa antolatua zuen Hondarribiko Tomas Etxera! taldeak. Astelehenarekin hasiko da Elgorriaga berriro epaitzeko saioa, eta epaiketara joateko bidaia antolatua zuten, igandean joan eta astelehenean itzultzeko. Bada, Tomas Etxera! taldeak jakinarazi du bertan behera gelditu dela bidaia, presoaren eskariz.
Urtarrilean Parisen eginiko bistan, epaiketa atzeratzeko eskaria egin zuten hondarribiarraren abokatuek, baina epaileak ez zuen eskaera aintzat hartu. Hala, nahi baino denbora gutxiago izango du presoaren defentsak epaiketa prestatzeko, eta hori horrela, bidaia ez egitea erabaki dute.