Astearte goizaldeko itsasgora baino lehen eta ondoren ezarri dute, 03:00etatik 07:00etara. Duela bi urte baino gehiago ezarri zuten azken alerta gorria.
Alerta gorria eman dute bihar goizalderako, olatuek kostaldean eragin dezaketen kalteengatik. Hasiera batean alerta laranja ezarrita zegoen, baina denboraleak Bizkaiko Golkoan hartu duen bilakaera ikusirik, alerta gorria ezarri du Segurtasun Sailak. Dagoeneko hamabi metrotik gorako olatuak neurtu dituzte itsaso zabalean, eta bihar itsasgorarekin kostaldera sei metrotik gorakoak iristea espero dute.
Badira bi urte baino gehiago ezarri zutela azken alerta gorria. Azken iragarpenaren arabera, astearte goizaldeko 03:00etatik 07:00etara espero dute itsasoaren oldarraldi bortitzena, baina 07:00etatik aurrera ere gauzak ez dira guztiz baretuko. Arratsaldeko itsasgorak ere eragin ditzake kalteak, eta alerta laranja ezarri dute 15:00etatik 20:00etara.
Sei metrotik gorako olatuak espero dituzte itsasgorarekin