Askapenak "praktika eta kontzientzia internazionalista zabaltzako borrokatzen" jarraituko duela esan dute.
Aste honetan eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak Askapenaren eta bertako bost kideen absoluzio epaia, eta horren haritik, Irungo Askapenak Walter Wendellin auzipetutako baten hitzak gogora ekarri ditu, eta hau “estatu politika errepresiboaren kontra antolatu den herri baten garaipena” dela esan dute.
Edonola ere, azken urte hauetan bizitako kriminalizazio kanpaina salatu du Irungo Askapenak: “Estatuko eta estatuari lotutako hedabide nagusiek lau haizeetara zabaldu zuten 2010eko sarekada, eta gaur, bota zituzten akusazio pozoitsu denak irentsi beahr dituzten unean, ahaztutzat ematen dute”. Gaineratu du estatuaren “propaganda operazioa” izan zela.
Auzitegi Nazionalaren epaia aldekoa izan arren, Irungo Askapenarentzat “salbuespen auzitegia” izaten jarraitzen du, eta “inongo zilegitasunik” ez duena. Epaia, gainera, “kalkulu politiko” bat izan dela adierazi du, “akaso, bai Euskal Herritik baita munduko txoko ezberdinetatik iritsitako elkartasun eta presioa, errentagarritasun politikoa kendu dio Madrilen egosten ari zen gezur handi eta lotsagarri berri honi”.
Irungo Askapenak zoriondu egin ditu denak, eta jarritako helburua lortu dutela esan dute, eta eskerrak eman dizkiete sarekadaren ondotik jasotako elkartasun adierazpen guztiei, baita Herriak Libre dinamikarekin bat egin zuten eragile guztiei ere eta herri epaiketan parte hartu zutenei ere. Era berean, gogorarazi dute Jose Antonio Santano alkateak ez zietela urriko udalbatzarrean mozioa eztabaidatzen utzi.
Orain, Askapenak “praktika eta kontzientzia internazionalista zabaltzako borrokatzen” jarraituko duela esan dute Irungo ordezkariek.
Irungo Askapenaren kideek epaiaren irakurketa egin dute, Irungo San Juan plazan