Ordutegi murrizketa eta soldatak izoztuta edukitzeak bultzatu dituzte mobilizatzera. Guztira, 63 langile daude.
Udal eraikinetako garbitzaileek mobilizazioak hasi dituzte.
Irungo udal eraikinak garbitzen dituzten langileek mobilizazioak hasi dituzte. Asteartean elkarretaratu ziren lehenengoz, udaletxe parean, eta datorren asteartean berriro egingo dute, eguerdian. Euren egoerarekin “nazkatuta” daude Iker Callao LABeko Oarso Bidasoko arduradunak jakinarazi duenez. Ordutegi murrizketa eta soldatak izoztuta edukitzeak bultzatu dituzte mobilizatzera. Guztira, 63 langile daude.
Garbitzaileek lan hitzarmen propioa daukate, eta urtero berresten joan dira Eulen enpresarekin, baina 2012tik ez dute adostasunik lortu, eta soldatak izoztuta dituzte. Callaoren arabera, enpresak soldata igoera bat jarri du mahai gainean, baina ez da nahikoa langileentzat —LAB, ELA eta UGTko ordezkariak daude—, ez kopuruaren aldetik, ezta soldata tauletan kontsolidatuta ez delako geratuko. “Badirudi enpresa ez dagoela eskaintza horretatik harago joateko prest”, gaineratu du Callaok.
Horrez gain, garbitzaileek lanaldi murrizketa izan dute, 2010ean eta 2013an. “Ez da bakarrik ordu murrizketa, baizik eta udalak erabakitzen duela zer ordutan garbitu behar den eskola bakoitza. Azken murrizketa inposatua izan zen, eta ez zuten gurekin adostu”, azaldu du LABeko ordezkariak.
Bilerak, udal taldeekin
Udalak azpikontratatuta dauka garbiketa enpresa, eta horregatik udal gobernuarekin eta gainontzeko udal taldeekin bilera erronda bat egitea erabaki zuten joan den irailean. “Printzipioz, EH Bildu, SPI Si Se Puede Irun eta PP agertu dira alde eta babesteko asmoarekin”, jakinarazi du LABeko ordezkariak. Udal gobernua osatzen duten PSE-EE eta EAJk entzun zietela esan du, eta enpresarekin kontrastatu ondoren bigarren bilera bat egin zutela. Bertan EAJko ordezkariak —berak kudeatzen duelako udal gobernuan gaia— enpresarekin harremanetan jarri zela jakinarazi zien, eta enpresa ez zela prest agertu diru gehiago jartzeko. “Hor bukatzen da EAJren kudeaketa, eta guk ez dugu onartzen”, gaineratu du Callaok.
“Kontuan hartu behar dugu udalak enpresari ematen dion dirua irundar guztiek ordaindutako zergetatik etortzen dela. Eskolak garbiak baldin badaude, ez da enpresarengatik, baizik eta langileek lana ondo egiten dutelako. Hori kontuan hartu beharko lukete igoerak ematerako garaian”. Hala, langileak udal gobernuaren jarrerarekin “erretxinduta” daudela esan du Callaok, “ez duelako inolako irtenbiderik eman”.
Callaoren arabera, deituta dauden mobilizazioez gain, gehiago ere aztertzen ari dira. Hala, horri lotuta, bigarren bilera erronda bat egingo dute babesa agertu dieten udal taldeekin.