Herritarrek aparkalekuak har ditzaten udalak erabili duen "estrategia" salatu du EH Bilduk.
San Juan plazako lur azpiko parkina
Duela hilabete inguru eman zituen San Juan aparkalekuko plazen eskaintzaren datuak udalak, eta 158 plazatik 34 izan dira herritarrek eskatu dituztenak. Plaza horiek 3, 10 edo 25 urtetarako kontzesioak dira. EH Bilduk, ordea, herritarrek aparkalekuak har ditzaten udalak erabili duen “estrategia” salatu du, eta “orain arte oso ondo funtzionatu duen alokairu sistema” berriro indarrean jartzeko eskatu du
EH Bilduren esanetan, udalak aparkalekuko alokairu sistema urtarrila bukaeran indarrik gabe utziko duela jakinarazi zien sistema horren erabiltzaileei. Hain zuzen, ordura arte 40 euro inguruko alokairu baten truke aparkatzeko aukera zeukaten. Hori aparkaleku horiek eskuratzeko estrategia izan dela iritzi dio EH Bilduk, eta Urdanibia plazako obrak amaitutakoan obren ondorioz, hainbat plaza desagertu izanarekin lotu du.
Politika “txapuzerotzat” jo du, eta horrek bi arazo sortuko dituela iritzi dio: batetik, San Juan aparkalekuan “oraindik 124 plaza huts” izatea, eta otsailetik aurrera, “aparkatzeko arazo larriak” agertzea, “bai Urdanibian eta baita domino efektu baten ondorioz, jadanik aparkatzeko arazoak dituzten Uranzu, Arbes edota Palmera Monteron ere”.
Horrenbestez, San Juan aparkalekuko plaza hutsak “errenta justu baten trukean” inguruko komertzio eta enpresetako langileei erabiltzeko aukera ematea; autoez gain, motorrak eta txirrindak aparkatzeko aukera ematea eta inguruko bizilagunekin orain arte oso ondo funtzionatu duen sistema indarrean jartzea eskatu du EH Bilduk, “urtarrilaren 31ra arte zegoen kontratuari jarraipena emanez”.