Europako kultur hiriburutza abiatu du Donostiak. Urtea amaitu bitarte dozenaka ekitaldi jasoko ditu Gipuzkoako hiriburuak, baina asko lurralde osora zabalduko dira, baita Oarso Bidasora ere.
Remigio Mendibururen eskulturak, San Telmo Museoak Gaur Taldeari eskaini dion erakusketan
Donostia 2016k hasi du urtebete iraungo duen kultur hiriburutzaren ibilbidea. Bide horretan gainean eramango ditu elkarbizitza, aniztasuna eta elkarrizketa bezalako baloreak eta Europa osora zabalduko ditu. Gipuzkoako hiriburua, ordea, ez da abiapuntu bakarra izango, Oarso Bidasoa ere izango baitu bidelagun ibilbide horretan, ez bakarrik Donostia 2016ko hainbat ekitaldi bi eskualde horietan egingo direlako, baizik eta Oarsoaldeko eta Bidasoko zenbait lagun eta erakundek ere euren ekarpena egingo diotelako egitasmoari.
Bakea, Bizitza eta Ahotsak izango dira kultur hiriburutzaren ardatzak: Bakea, euskal gizartea gatazka konpontzeko bidea egiten ari delako. Bizitza, herritarrek egunerokotasunean bizitza osasuntsuago, aberatsago eta oparoago bat edukitzeko, eta Ahotsak adierazpen artistikoen bidez emozioa, hausnarketa eta besteenganako loturak sustatu nahi dituzteko.
Hormak hesi, zubiak lagun
Bake eta elkarbizitzan hormak oztopo bat baino ez dira, baina horietatik ere ikasi behar izaten da, eta asko dute esateko. Hormek Diote egitasmoan pareta bana margotu dituzte Pasaia eta Errenteria-Oreretan, horietako bat Judas Arrieta hondarribitarrak. Horma horiek gehiago esateko ere badute, eta aurtengo urrian beste zenbait arte adierazpenen lekuko izango dira. Haatik, zubiak beharrezkoak izaten dira pertsonak gerturatu ahal izateko, eta horren sinbolo izango da Irungo Santiago zubia.
Bizimodu osasuntsua lortze aldera ibilbideak proposatu ditu Donostia 2016ak. Gipuzkoa osoa zeharkatuko dute, eta noski Oarso Bidasotik ere pasatuko da.
Azkenik, arte adierazpenak ere ugariak dira Oarsoaldean eta Bidasoan, eta bertako norbanako, artista eta erakunde zenbait kultur ekitaldiren parte izango dira. Guztiak bildu ditugu honako orrietan.
Donostia 2016k hasi du bere bidea, baita Oarso Bidasoa 2016k ere. Orain herritarrei tokatzen zaie bide horren parte izatea.