Azkenari irabazita arnasa hartu du. Aurpegi onena erakutsi beharko du otsailean punturen bat lortzeko.
Igande eguerdian Hondartza kiroldegian multzoko azkenaren Lau Bide Jatetxearen aurka etxean irabazita (25-20), arnasa hartu du Hondarribia Eskubaloiak. Oraindik 12. tokian dago baina Tolosarekin berdindu du, eta zortzigarren postutik lau puntura jarri da (
ikusi sailkapena). Lau Bideren kontrako garaipena ezinbestekoa zuten berdeek, otsailan puntuatzea oso garesti egingo baitzaie.
Igandeko garaipenak lasaitasuna eman die hondarribiarrei, eta hurrengo partidetan ezustekoa ematen saiatuko dira. Datozen lau jardunaldietako aurkarien kontra (Deusto Loiola, Zarautz, Arrasate eta Aloña Mendi) lehen itzulian galdu zuen Hondarribiko taldeak, baina punturen bat lortzen saiatuko da Ereintzaren aurkako partidaren aurretik. Lortuz gero, liga taularen erdian bukatzeko lehiatuko diren taldeetako bat izan daiteke Hondarribia Eskubaloia.
Trantsiziozko urtea
Bigarren mailan urtebete zail bat pasatu eta gero, Euskal Ligara itzulita trantsiziozko denboraldia ari da egiten taldea. Ondo hasi zuen denboraldia, lehen hiru partidatan bi berdinketa lortuz eta Corazonistasekin gutxigatik galduta. Baina ondoren hainbat partida jarraian galdu zituen eta sailkapeneko beheko postuetan kokatu zen.
Irregular ari da Hondarribia Eskubaloia aurten. Jipoi handi samarrak jaso ditu, baina talde indartsuen kontra lehiatzeko gai izan da ere, eta esaterako, Basauri edo Urdanetaren kontra irabazi du, multzoko bigarrena eta seigarrena hurrenez hurren.
Hurrengo partidetako emaitzek zehaztuko dute taldearen aurtengo helburua