Urdanibia plazako Etxeko Andrearen eskulturak ere kalteak jasan dituela jakinarazi du Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak.
Etxeko andrea eskultura, Urdanibia plazan.
Alde Zaharra-San Juaneko auzo elkarteak Urdanibia-Sarjia inguruan izan diren hainbat ekintzen ondorioak salatu ditu. Batetik, Sarjia plazan hainbat gaztek litroak egiten dituztela jakinarazi du, eta hori arriskutsua dela larunbat eta igandetan parkera jolastera joaten diren umeentzat.
Biharamunean beira zatiak, edari alkoholdunen botila erdi hutsak, plastikoa eta janari hondakinak aurkitzen dituztela esan dute.
“Ez da bidezkoa inguruko bizilagun eta parkeen erabiltzaileek astebururo kalean edaten dutenen eta bere hondakinak jasotzen ez dituztenen gizatasun falta bizitzea”, adierazi du auzo elkarteak.
Etxeko Andrearen eskulturak, kalteak
Urdanibia plazako Etxeko Andrearen eskulturak kalteak izan dituela salatu du. Ez da lehen aldia, gainera, “askotan sufritu ditu horrelako triskantzak”.
Zentzu horretan, udalari eskatu diote neurriak har ditzala, “edukirik gabeko promesak alde batera utzita”.