Trafikoan eragingo du, Alde Zaharretik ateratzeko Gipuzkoa plazatik igaro beharko baita.
Juan Laborda kaleko errepidean dagoen hormigoia kenduko dute datorren astean, astelehenetik hasita. Kultur Etxeko obra egiteko jarri zuten hormigoia, kamioek lurra hondatu ez zezaten. Datorren astetik, beraz, garai bateko itxura berreskuratuko du Juan Laborda kaleak.
Obra bukatu arte aldaketak izango dira Alde Zaharreko trafikoan, sartzeko ez, baina ateratzeko bai. Gipuzkoa plazatik egin behar da bidea. “Juan Laborda eta San Nikolas kaleen arteko puntura helduta, ezkerrera egin behar da beheruntz Gipuzkoa plazara heltzeko, eta handik arkua pasata Santiago Konpostela kaletik jaitsi Jabier Ugartera heltzeko”, azaldu du Hondarribiko Udalak. Ingurune horretan udaltzainak egongo dira trafikoa zaintzen.
Edonola ere, udalak herritarrei eskatu die ezinbestekoa denean bakarrik joateko autoz hirigune historikora: “Nahitaezkoa ez duten guztiei eskatzen zaie autoz ez sartzea Alde Zaharrean, trafikoa arinago izan dadin eta obra azkarrago amaitzeko. Era berean, jakinarazten da tamaina handiko ibilgailuek ezingo dutela Alde Zaharretik atera, irteera bakarra Gipuzkoa plazako arkua izango baita obrak irauten duen bitartean”.
Kultur Etxeko obrako kamioiek lurra hondatu ez zezaten jarri zuten hormigoia Juan Laborda kalean