Lehen aldiz lehiaketa bidez hautatu dute irudia. Sergio Perez Berasategirena izango da da XI. Blues Jaialdiko kartela.
50.eko hamarkadako West Coast bluesaren estetikan oinarrituta dago kartela
Sergio Perez Berasategi irundarrak egin du XI. Hondarribiko Blues Jaialdiko kartela,
Hard day, harp night (
egun gogorra, aho-soinu gaua) lanarekin. Uztailaren 14tik 17ra egingo dute 2016ko ekitaldia eta lehen aldiz lehiaketa bidez aukeratu dute jaialdiaren irudia. Gaur erakutsi dute lehen aldiz udaletxean, eta bertan izan dira Maria Serrano zinegotzia, jaialdiko arduradunak diren Carlos eta Fernando Malles anaiak, eta kartelaren egilea.
Perez Berasategik aurkezpena baino minutu gutxi lehenago ikusi du aurrenekoz kartela tamaina handian, eta “deigarria” iruditu zaio. Onartu duenez, hamabost bat ordu behar izan zituen kartela diseinatzeko, baina askoz gehiago eman zituen “bluesaren gainean ikertzen”. Musika eta blues zalea dela adierazi du aurkezpenean, eta jaialdiaren lehen ediziotatik egon izan dela.
Diseinuari dagokionez, “1950.eko hamarkadako blues estetika iradoki nahi izan duela esan du egileak: “Proba batzuk egin eta gero bi kolore aukeratu nituen, estetikarekin bat zetozenak. Beltza baztertu dut, eta urdin ilunagatik ordezkatu, atseginagoa izateko”. Bere esanetan, “kartel erakargarria eta begietara indartsua” nahi zuen lortu, eta bistan denez, lortu du.
Emaitzaren beldur
Lehen aldiz aukeratu dute Hondarribiko Blues Jaialdiko kartela lehiaketa bidez eta, bai udala, bai jaialdiko arduradunak, pozik azaldu dira emaitzarekin. Serrano zinegotziak nabarmendu du 43 lan aurkeztu zirela, eta diseinu irabazleari buruz “irudi ikusgarria” iruditu zitzaiola aitortu du.
Carlos Mallesen hitzetan, lehiaketa deitzeak “hasiera batean beldurra” ematen zien: “Jaialdia antolatzen hasi ginenean gure helburuetako bat zen jendeak bluesa zer zen ezagutzea, adibidez jazzarenganik bereizten jakitea, eta hori pixkanaka-pixkanaka lortzen joan gara. Horregatik, lehiaketa egiterakoan, beldur ginen parte hartzaileek ondo irudikatuko ote zuten jaialdiaren izaera, bluesaren izaera”.
Hala, helburu hori betetzen ez zuten proposamen politak jaso dituztela onartu du Mallesek, “baina beste askok oso ondo asmatu dute, eta oso kartel onak aurkeztu dira, irabazlea horien artean. Bluesaren lerro oso modernoa da irudikatzen duena, 50eko West Coast bluesetik abiatzen zena. Asko gustatu zitzaigun”.
Jaialdiko zuzendaria kartel lehiaketako epaileetako bat izan da, Kalixa Sinales Kultura zinegotziarekin eta Ediciones Imposibles argitaletxeko arduradun Joseba Agirrerekin batera.