Udal gobernua osatzen duten alderdien (PSE-EE eta EAJ) eta PPren aldeko botoa jaso dute aurrekontuek. EH Bildu eta SPIk kontra bozkatu dute.

Aurrekontuen eztabaidan minutu bateko isilunea egin dute Gasteizen hildako haurtxoaren oroimenez
Udal gobernuak proposatutako aurrekontuak onartu ditu gaur Irungo Udalbatzak gehiengo osoz gobernu taldea osatzen duten alderdien (PSE-EE eta EAJ) eta PPren aldeko botoekin. EH Bildu eta SPI Si Se Puede Irunek kontra bozkatu dute. 69,7 milioi euroko aurrekontuak proposatu ditu udal gobernu taldeak —75,4 milioi euro udalak kudeatzen dituen erakundeak kontuan hartuta Bidasoa Bizirik, Ficoba, Blaia, Mugaz gaindiko Partzuergoa eta Irunvi—, eta onartutako emendakinekin beste 600.000 euro inguru gaineratu behar zaizkio.
Bi alderdi horiek osoko zuzenketa aurkeztu dute, eta aurrekontu proposamena atzera bota eta berria egiteko eskatu dute. EH Bilduk emandako arrazoia Ogasun delegatuak “berak esan duen bezala udal gobernuaren helburuak betetzen dituen aurrekontuak” direla izan da, eta horiek “herritarren eskubide eta beharrak” defendatu beharko lituzkete koalizioaren iritziz. SPIk, berriz, kontrako botoa eman du, udalak duen hiri ereduarekin ez duelako bat egiten: “Aldaketaren alde botoa eman zigutenek ez lukete ulertuko aldaketaren aldeko apusturik egiten ez duen eredu baten alde egitea”.
09:30ean hasi da puntual udalbatzarra, eta 15:00etan bukatu da, eguerdian atsedenaldi bat egin ondoren. Udalbatzarra hasi bezain laster, Jose Antonio Santano alkateak minutu bateko isilunea egiteko eskatu du atzo Gasteizen hil zen 17 hilabeteko haurra oroituz.
Segidan, urtarrileko ohiko osoko bilkurako puntuak atera dituzte bozketara. Connet Innovation Bai, Ederbidea eta Ibilbide Bereziak proiektuetan parte hartzea onartu dute. Ondoren, aurrekontuen eztabaidan sartu dira.
PSE-EE “Hiriko egonkortasunaren bermea”
Miguel Angel Paez Ogasun delegatuak udal gobernuak proposatutako aurrekontuak defendatu ditu. Hasteko, udal gobernu taldeak dituen helburuak betetzen dituela adierazi du. Horrez gain, “hiriko egonkortasun ekonomikoarentzat bermea” direla esan du, eta “zerbitzuak mantendu eta hobekuntzak egiteko aukera” ematen duela. Horiek osatzeko partaidetzazko aurrekontuetan egindako proposamenak kontuan izan dituztela gaineratu du, eta oposizioko taldeen emendakinak ere entzun dituztela. “Kudeaketa zuhurra eta eraginkorra” egin dutela defendatu du, eta udalaren egoera ekonomikoa “saneatua eta osasuntsua” dela, “irundarrek ez dute kezkatu behar”.
Ondoren, osoko zuzenketak eztabaidatzera pasatu dira.
EH Bildurenarekin hasi dira. Izaskun Sorondo koalizioko hautetsiak egin du aurkezpena. Osoko zuzenketaren arrazoia ez dela konfrontazio parametroetan ulertu behar adierazi du, baizik eta alderdiaren ideien koherentziarekin. Hala, PSE-EEri alboratuta dituen postulatu progresistetara bueltatzeko eskatu dio. “Aurrekontuek eduki sozial gehiago eduki behar dute eta ongizate gizartea bermatu, eta ez pixkanaka pobrezia ezarri etxeetan”, esan du Sorondok.
PPk aurreratu du ez duela EH Bilduren osoko zuzenketaren alde bozkatuko nahiz eta egindako aurkezpenarekin hainbat puntutan ados egon. Edonola ere, krisia sistema kapitalista edo neoliberalari egoztearekin ez daudela ados adierazi du Juana Bengoetxea bozeramaileak. Horrenbestez, aurrekontuei dagokienez, “orain arte egindako ibilbideari” jarraituko diotela gaineratu du, eta “aurrekontuak aberasten” saiatuko direla.
SPIk, berriz, alde bozkatuko duela esan du, eurek ere osoko zuzenketa aurkeztu dutela kontuan hartuta, funtsean ados daudela arrazoituta.
Paezek EH Bilduren osoko zuzenketaren kontra egin du, eta langabeziaren arloan udalak ez dituela “lanpostuak sortzeko erremintak” adierazi du, “ezta formula magikorik ere”. Hala, demagogiarik ez egiteko eskatu du koalizioari: “Ez da egongo beharra duen hiritarrik udalak bere egoerari erantzun eraginkorra eman ez dionik. Ez da egia”.
Sorondok Paezek erabilitako tonua kritikatu du, Paezek EH Bilduren oinarri soziala Herriko Tabernak direla eta Venezuela atsegin dutela esan ondoren.
Bozketan zortzi aldeko bozka (EH Bildu eta SPI) lortu ditu osoko zuzenketak. PSE-EE, EAJ eta PPk kontra bozkatu dute.
Aurrekontuan “hutsuneak”
SPIren osoko zuzenketaren arrazoia udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuetan ikusitako “hutsuneak” izan dira. David Soto bozeramaileak gogorarazi du Irun dela Gipuzkoan langabezia tasa altuenetakoa duen herria, %15,5 eta 4.600 langabe. Egoera hori udal gobernuak orain arte mantendu dituen politikei egotzi die, “eraikuntzan eta aberastasunik sortu ez duten enpresa publikoen proiektuetan” oinarritutakoa. Ficoba jarri du adibide gisa. Horrez gain, gazteria, kultura eta alokairu sozialean diru gutxi inbertitzen dutela kritikatu du.
EH Bilduk alde bozkatuko duela aurreratu du, bi osoko zuzenketak “bide berdinean” doazela ulertuta.
Paezek, berriz, “ideia falta” izatea egotzi dio SPIri, eta “dedikazio gehiago, Irunekiko pasio gehiago eta egia gehiago” edukitzeko eskatu dio.
Bozketan EH Bilduren osoko zuzenketarekin gertatutakoa errepikatu da. Zortzi aldeko bozka (SPI eta EH Bildu) eta PSE-EE, EAJ eta PP kontra.
Emendakin partzialak
Jarraian, emendakin partzialak eztabaidatzen hasi dira. PPren emendakinekin hasi dira, erregistratzen lehenak izan direla eta. Bederatzi emendakin atera dira aurrera, zortzi atzera bota ditu, eta bi ez dira aurrera atera. Aurrera ateratakoen aurrean, alokairu soziala indartzea, gizarte larrialdirako laguntzak, Uranzuko merkaturako sarbidea hobetzea eta udal batzordeetan euskaratzeko sistemak jartzea atera dira aurrera.
Ondoren, SPIren emendakinekin jarraitu dute. Hamalau emendakinetatik hiru atera dira aurrera. Besteak beste, gazteriako partidak eta gizarte alorreko laguntza bereziak handitzea adostu dute. Atzera bota dute, esaterako, alokairu sozialerako proposamena (2 milioi euro bideratzea eskatu zuen SPIk eta udal gobernuak 400.000 euro eskaini zituen).
Azkenik, EH Bildurenak bozkatu dituzte. Hemezortzi emendakinetatik hiru izan dira onartutakoak: euskararen formakuntza, Irungo eraikinen ikerketa eta CBAko funtsarekin lotutakoak.