EH Bilduren arabera, Ongizate Batzorderik ez da izan urtarrilean, eta delegatuak emandako argudioa gairik ez izatea da.
PPren eta EAJren botoekin aurrera atera du PSEk udal aurrekontua
Hilabete honetan Ongizate Batzorderik ez da izan Irungo Udalean, EH Bilduk jakinarazi duenez: “Telefono dei baten bitartez Sergio Corchon delegatuak batzordea egiteko beharrik ez zegoela jakinarazi zien beste udal taldeei”. Corchonek emandako argudioa gairik ez egotea izan dela adierazi du koalizioak.
Jakinarazpen horrek harridura eragin duela gaineratu du, hiriak maila sozialean dituen beharren aurrean. Horrek bi zalantza sortzen dizkiola esan du. Batetik, Gizarte Zerbitzu eta Ongizate Arloa ez dagoela ezertan lanean edo gutxienez ez duela inolako politikarik planteatzen, eta bestetik, ez dutela Irungo errealitatea ezagutzen eta beraien politikak “itxurakeria hutsa” direla.
Plenoan ongizate gairik ez
Ongizate Batzordea deitu ez izanak urtarrileko osoko bilkuran —bihar izango da— ongizate inguruko gairik ez egotea eragingo duela azaldu du EH Bilduk. Gainera, osoko bilkura horretan aurrekontuak eztabaidatuko direla kontuan hartuta, EH Bilduren iritziz, PSE-EE eta EAJren udal gobernuak gai horri ematen dion garrantzia “zero borobila” da. “Ez dira pertsonentzat pentsatutako aurrekontuak, obra, zementu eta enpresa pribatu handien onuran egindako aurrekontuak baizik”, gaineratu du.