Lehen aldiz golik sartu gabe bukatu du partida Hondarribiak. Azken lau partidak berdindu dituzte berdeek.
Aurreko bi jardunaldietan talde indartsuen etxean berdinketa bana eskuratu eta gero, sailkapeneko goiko postuetan egonkortzeko aukera polita galdu du Hondarribia futbol taldeak. Hondartzan jokatu zuen, sailkapeneko azkenaurreko Ordiziaren kontra, eta golik gabe bukatu zen partida (0-0). Denboraldiko lehen partida izan da Hondarribiak kontrarioaren atea zulatu gabe bukatu duela.
Larunbateko partidako une bat
Etxekoen entrenatzaileak onartu du etxean baino emaitza hobeak ari direla lortzen: “Etxean asko kostatzen ari zaigu partidak irabaztea, halere, taldeak sendo jarraituko du futbol eredu honekin atzera pausurik eman gabe”. Sailkapenaren beheko aldean egonda ere, kanpoan hamar puntu pilatu ditu Ordiziak dagoeneko, eta Hondartzan izan zuen golen bat sartzeko aukerarik.
Hortaz, ontzat eman daiteke Hondarribiak lortutako puntua, gehiago kontuan izanik taldea sailkapeneko eremu lasaiean kokatuta dagoela, jaitsiera postuetatik 12-14 puntura. Izan ere, azken lau partidetan irabaztea lortu ez duen arren, zazpi jardundaldi daramatza galdu gabe, zazpi partida horietan hamar gol sartu eta lau jaso dituelarik. Baina egia da ere zaleek ia ahaztuta dutela Hondarribiak etxean hiru puntuak lortu zituen azkenekoa; azaroaren 8an izan zen, real Unionen aurkako derbian.
Hurrengo partida Andoaingo Ubitarten jokatuko dute berdeek, Euskaldunaren kontra. Aurten gol asko jaso dituen taldea da Euskalduna, baina azken hiru jardunaldietan zazpi puntu eskuratu ditu.