Abenida zubiaren mendeurrena ospatuko dute CBAn, bertako ekintzak urteurrenera egokituz.
Jean-Andre Viala Frantses Institutuko zuzendaria eta Juncal Eizagirre Kultura delegatua CBAn egingo diren ekitaldien aurkezpenean.
Abenida zubiak mendeurrena beteko du aurten (1916-2016), eta hori ospatzeko CBA liburutegian egingo diren jarduerek zubiarekin harremana edukiko dute. Modu honetara, CBAko agenda indartu eta dinamizatu nahi du udalak, eta era berean, Abenida zubiaren urteurrenaren harira, hiriko ondarea balioan jarri. Horrenbestez, zubia presente egongo da ohiko eta ez ohiko programazioan.
Hasteko, urtaroak Abenida zubiarekin lotuko dituzte. Neguan zubiaren lehen 25 urteei egingo diete keinu, udaberrian hurrengo beste 25 urteei eta horrela lau urtaroak eta ehun urteak osatu arte.
Frantses Institutuaren ekarpena
Ohiko jarduerak diren tailer eta ipuin kontalariek euren edukia zubiaren urteurrenera hurbiltzea bilatuko dute, eta bestalde, jarduera berriak sortuko dira. Horietako batzuk Frantses Institutuaren eskutik iritsiko dira, esaterako, hilaren 29tik otsailaren 29a egingo den erakusketa. Lehen Mundu Gerra izango du ardatz, eta interaktiboa izango da. Gatazkaren nazioarteko dimentsioa erakutsiko dute 13 paneletan, eta horrez gain, QR kodeen bitartez hainbat irudi, bideo eta artxiboak eskuratu ahal izango ditu bisitariak. Modulu interaktibo batzuk ere proposatzen ditu erakusketak, eta helburua modulu horiek mundu mailan osatzea da, testigantza eta begiradekin.
Frantziar zinema zikloa ere egokituko dute. Hala, otsailaren 4ean eskainiko duten lehenengo filma, Lehen Mundu Gerran girotua egongo da: Bertrand Tavernierren
Capitaine Conan (1995). Zinema zikloa ostegunero izango da CBAn.
Kontzertuak
CBA liburutegian musika ere izango da datozen hilabeteetan, AcustiCBAs egitasmoaren eskutik. Hilabeteko azken ostiralean tokiko talde edo bakarlariek kontzertu akustikoak eskainiko dituzte. Lehenengoa otsailaren 26an izango da, Iker Piris abeslari eta gitarra jotzailearen eskutik, 19:30ean.